Futbolean ere, euskaraz

Euskara ikastetxeetako geletatik haratago, aisialdi eta kirol alorretan ere zabaltzeko helburuarekin, Futbola, oinarritik euskeraz gidaliburua aurkeztu dute. Futbol entrenatzaileak euskaraz trebatzeko gida bat da, hain zuzen ere. Lehenengoz osatu dute halako argitalpen bat, eta gidaliburu horren laguntzarekin Bizkaiko Futbol Federazioaren menpeko Entrenatzaileen Eskolan euskaraz emango dituzte lehenengoz eskolak.

Sei atal ditu liburuak. Horietan, hainbat alor aztertzen dira: oinarri psikopedagogikoak, lehen sorospenetarako eta higienerako oinarrizko ezagutzak, kirolaren egitura eta legeak, kirol entrenamenduak, oinarri anatomikoak eta oinarri soziologikoak.

Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak aurkeztu zuen gidaliburua gaur zortzi, kirol alorreko zenbait ordezkarirekin batera: Jose Angel Iribar Athleticen izenean egon zen, Kepa Allika Bilbao Bizkaiko Futbol Federazioaren ordezkari legez, eta, Koikili Lertxundi, azkenik, material didaktiko hau argitaratu duen Itzarri Consulting enpresaren izenean.

Ariztondok lan berri horren garrantzia azpimarratu zuen aurkezpen ekitaldian. “Azken 30 urteetan hizkuntzaren normalizazioan aurrera pauso garrantzitsuak gertatu dira. Izan ere, gaur egun, euskal herritarretako asko elebidunak dira”, adierazi zuen.

Hala ere, haren esanetan, “euskara hezkuntzan, administrazioan, osasun arloan eta umeen artean sendotu bada ere, oraindik egin beharreko ibilbidea eta lana handiak dira beste alor batzuetan. Zentzu horretan, aurkeztu berri dugun ekimen hau euskara gizarteratzeko eta kirolera hurbiltzeko beste urrats bat da”. Horretarako, futbolean euskaraz entrenatzeko gida bat eskaintzen dutela azaldu zuen.

Entrenatzaileak trebatuz

Futbola, oinarritik euskeraz gidaliburuaren helburua da egunero Bizkaian futbolean aritzen diren milaka umeek entrenamendu horiek euskaraz egiteko aukera izan dezaten, horretarako propio trebatutako entrenatzaileekin. Hain zuzen, horixe dute orain eman beharreko hurrengo urratsa: Bizkaian lanean diharduten entrenatzaileak euskaraz lan egiten trebatzea.

Argitaratutako lana Asier Landak, Jon Alemanek eta Ainhoa Mateosek garatu dute. Gaur egun, datorren ikasturtean argitaratuko dituzten eskuliburuaren bigarren eta hirugarren ikastaroa prestatzen ari dira.