Bide gorriari jarraiki

Uda hastear, eguzkiak ematen duen argitasun eta patxadaz gozatzeko asmoz, hainbat eta hainbatek bizikleta gainean bideak egiteko hautua egiten dute. Neguan zein udan horri eusten dionik ere badago, baina eguraldia atseginagoa denean ugaritu egiten dira bizikletaren erabiltzaileak. Errepideak, ordea, sarri ez dira txirrindularientzako leku aproposenak. Arriskuaren eskutik hartuta joan ohi dira askotan. Horregatik, bidegorri sare osatua eta taxuzkoa eskatzen dute hainbat Bizkaiko elkartek.

Bizkaiko Foru Aldundiak lan horri ekin dio. Aspaldi hasi ziren lurraldea lotuko zuten bidegorrien plana eratzen. Hala, hamar ardatz dituen bidegorri sare bat osatzea pentsatu dute. Bilbotik atera beharko lukete bide guztiek, batek ezik: Muxikakoak. Izan ere, “bidegorriak ezin ditzakete gainditu aldapa portzentaje jakin batzuk —%5 edo %6 —, eta Autzaganek %8tik gorakoa du”. Hala azaldu du Miguel Angel Castillak, Herri Lan eta Garraio Sailean eskariaren kudeaketaz arduratzen den saileko buruak. Beraz, guztira, ia bere osoan lotuta egon beharko luketen 650 kilometroko bidegorri sarea daukate buruan.

Oraingoz, ordea, bat bera ere ez dago bestearekin lotuta. Dena den, adierazi du badaudela bidegorri sare “oso garrantzitsuak”. Ardatzak eskualdeka edo eremuka antolatuta dauzkate.

Gainera, txirrindulari motak bereizi beharrekoak direla deritzo: profesionalak, zaleak eta paseoan joan ohi direnak. Gogora ekarri du zaleak kilometro asko eta abiadura handian egin ohi dituztela. Hori dela eta, bidegorrien aukera ez da egokia haientzat. Alternatiba bat pentsatu dute, eta modu esperimentalean jarri dute martxan. Bi bide aurreikusi dituzte horretarako. Batetik, Fikatik Solletxera doana. Castillak azaldu du bi kilometro dituela gutxi gorabehera, eta margotutako bazterbide baten bidez egin dute. Bestetik, Maruri eta Andraka gainaren (Lemoiz) arteko bidea dago. Zazpi kilometro inguru dira. Proiektua osatuta egon arren, oraindik bukatzeke dago.

Castillak badaki txirrindulariak kexu izaten direla bidegorrien egoera dela eta. “Kexatu egiten dira txirrindularientzako bideetako zati batzuk inauguratzen direla ikusten dutelako, baina leku horietara beste garraiobideren batean joan egin behar dutela diote, bizikletan ezin direla iritsi. Aurreikusita daukagun sareak badu segida. Hala ere, kasu batzuetan ezinezkoa da bidegorria osorik osatzea; zatika egin behar da. Erabilera gehien izango duten zatiei lehentasuna ematen diegu eta, normalean, ez da bakandutako bidegorririk egiten”. Gogora ekarri du egoera ekonomikoak zeresan handia duela sarea eratzeko.

Europako herrialdeekin alderatuta, Bizkaian ez da zabaldu egunero bizikletan ibiltzeko aukera. “Gasteizen asko erabiltzen da leku batetik bestera joateko, baita Donostian ere. Bizkaian, ordea, ez horrenbeste. Bizikleta publikoaren zerbitzua martxan jarri zutenetik, gora egin du erabiltzaile kopuruak Bilbon”.

Arazoa, hein handi batean, kulturala dela deritzo: “Bizikleta zale moduan edo aisialdira bideratuta erabiltzeko ohitura daukagu guk, ez hiri barruan leku batetik bestera joateko. Hori aldatuz joan behar dela uste dut, eta hala gertatuko dela deritzot. Bilbon eta beste herri batzuetan nabaritzen hasi gara jada; ez nahiko genukeen neurrian, baina goraka egiten ari dira erabiltzaileak”, ondorioztatu du.

Hezkuntzak ere lan garrantzitsua daukala egiteko uste du. “Ez dakigu bizikletaz ibiltzen: bai bidegorrietatik; ez, ordea, herri barruan”. Hori dela eta, beharrekotzat jo du hezkuntza eta bizikletaren erabilera bultzatzea.