Edurne Arrasatek eta Asier Kristobalek Geure Ametsa belaontzian ozeano Atlantikoa zeharkatu dute. Odei eta Haizea ere abentura honetako partaide izan dira eta Karibea, Cabo Verdeko kostaldea, Galizia, Kanariar uharteak… ezagutu dituzte sei hilabetez. geureametsa.blogspost.com blogean daude argazkiak igota.
Noiz hasi eta bukatu duzue Atlantikoa zeharkatuz egin duzuen bidaia?
Asier Kristobal. Geure Ametsa hartu eta bideari 2011ko azaroaren 25ean ekin genion eta urtarrilaren 7an heldu ginen ozeanoaren beste aldera. Hala ere, bidaia prestatzen duela bost urte hasi ginen. Aurretik beste itsasontzi bat geneukan, txikiagoa, eta bertan itsas bidaia txikiak egiten hasi ginen. Itsasoan ibiltzea gustatu eta aurrerago geure ametsak errealitate egiten lagunduko zigun bela ontzia erosi genuen Bartzelonan. Geure Ametsa, Bartzelonatik Euskal Herrira ekarri genuen eta itsas bidaia horren ostean, zerbait handiagoa egin genezakeela ohartu ginen. Gerora umeekin ere proba egin eta Galiziara arte 57 eguneko bidaia egin genuen.
Edurne Arrasate. Umeak gu geu baino hobeto egokitu zirela ikusi, eta bidai horretan aurten burutu dugun itsas bidairako data jarri genuen. 2011 urtea aukeratu genuen bidaia burutzeko bai ala bai, bela ontziak GPSa izan ala ez edota irrati bat ala bi izan, 2011n Atlantikoa zeharkatuko genuela erabaki genuen.
Zelan antolatu duzue itsas bidaia?
E.A. Zailena data jartzea izan zen. Ordutik aurrera prestaketa lanetan aritu gara. Bidaiaren gastuetan ere pentsatu genuen, eta horretarako duela hiru bat urte, guk charter deritzogun bidaiak antolatzen hasi ginen. Asteburuetan bidaia antolatuak egiten ditugu belaontzian, kostaldea bisitatzeko. Modu horretan itsasontzian egin berri dugun bidairako belaontzia prestatzeko dirua lortu dugu.
A.K. Orain bidaia egina dugun arren itsas bidai antolatuekin jarraitzeko intentzioa daukagu eta aurtengo udan txango berri bat eskaintzen hasiko gara ilunabarra ikusi eta izarrak identifikatzen irakasteko.
Bidaian momentu latzak izango zenituzten. Zein izan da unerik gogorrena eta berezi edota politena?
E.A. Zalantzarik barik une gogorrena haurrak utzi eta Asier eta biok aurrera jarraitu genuenekoa izan zen. Hasiera batean bidaia osoa denok batera egitea pentsatu genuen arren, azken momentuan beldurtu egin nintzen eta Atlantikoa biok bakarrik zeharkatzea erabaki genuen. Oso gogorra egin zitzaigun haurrak utzita jarraitzea. Dena dela, hurrengo bidairako ideia argi bat ateratzeko baliagarria izan zaigu, gehiago ez banatzea erabaki genuelako.
A.K. Politena, berriz, Martinikara iritsi ginen unea izan zen. Hamalau egunez lurrik ikusi barik egon ostean, lurra zapaltzea oso berezia izan zen. Lurra gero eta hurbilago sentitzen genuen eta sentsazio hori ahaztezina da. Bitxia bada ere, azken gauean zaintza egiten ari ginela Edurneri ogi egin berriaren usaina hartzen nuela esaten nion, nahiz eta jakin ez zegoela ogi egin berririk.
Umeak aipatu dituzue. Zelan konpondu zarete haiek telebista, eskola, elektrizitatea eta horiek guztiak barik bizitzera ohitzeko?
A.K. Gezurra badirudi ere umeak gu baino errazago ohitzen dira horrelako egoeretara. Haiek badakite itsasontzian ura ezin dela alperrik erabili ez dagoelako etxean bezala iturri agortezin bat edota argia behar denean baino ez dela piztuta izan behar. Arin ikasten dituzte horrelako gauzak, nahiz eta gero bueltatu eta dena bat-batean ahazten zaien.
E.A. Eskolaren kontuarekin, aldiz, oso zorrotzak izan gara. Sei hilabetez kanpoan izan arren egunero zapatu eta domekak barne, eskola orduak izaten genituen eta horren ostean hasten zen jolas garaia. Alde horretatik, eskola eta irakasleak ere oso ondo portatu dira eta erraztasunak eman dizkigute. Horretaz aparte, lagunak egiteko orduan ez dute inolako arazorik izan, lagun handiak egin dituzte, nahiz eta agurtzeko ordua iristen zenean triste xamar egon. Hizkuntza edota kultura traba ez direla irakatsi digute umeek.
Bidaia bukatu berri duzue. Dagoeneko zehaztu al duzue zuen hurrengo bidaia zein izango den?
E.A. Momentuz bukatu dugun bidaiaz gozatzen ari gara eta oraindik ez dugu zehaztu hurrengo abentura zein izango den. Dena dela, argi daukagu hurrengo bat egongo dela eta guztiok batera egingo dugun zerbait izan behar duela. Umeei mundua eta batez ere hizkuntza berriak ezagutu eta ikasteko aukera ematea oso garrantzitsua da guretzat.