Musika lirikorako zaletasuna ereiten

Argiak itzali bezain laster, mozorrotutako musikariek erdiko korridorea zeharkatu dute gozokiak banatzen. Oihala altxatzean, eszenatokian pailazo erraldoi bat agertu da eta Arriagako eserlekuak betetzen dituzten 800 umeen artean isiltasuna nagusitu da, irakasleen errieten artean bihurrienek kalakan jarraitu duten arren.

OLBE Txikik Jostailu denda. Panpinen mundu magikoa opera eskaini zuen astelehenean, 2011-2012 denboraldiari amaiera emanez. Dantza egiten duten jostailuen inguruan, fantasiazko mundu bat irudikatu nahi du antzezlanak: jostailu egile xalo bat eta seme-alabatzat dituen bi panpinen izaera kontrajarriek hezurmamitzen dute obra. Azti boteretsu batek panpinak bere ikuskizunaren parte bihurtu nahi ditu, eta jostailu egileak ezetz esatean, lapurtuko dituela dio magoak. Baina ez da hain erraza izango.

Istorio hori ardatz hartuta, umeek hainbat kontzepturen inguruan hausnar egin dezaten saiatzen da opera. Hala, ametsak, maitasuna, magia edo askatasuna etengabe agertuko dira lanak aurrera egin ahala.

Adituen iritzia

Ordubeteko antzezlana bukatzean, Gallartako Buenos Aires ikastetxeko zenbait umek ikuskizunaren inguruko iritzia eman dute. Jonathanek azaldu du Arriagara joan aurretik gelan egindako lana: “Antzerkiko neska bat etorri zen gure eskolara, istorioa zertaz doan kontatzeko, hona etortzean guk ondo harrapatzeko”. Bere ustez, hitzaldian ikasitakoari esker ulertu dute antzezlana. “Bera etorri izan ez balitz, gu pitin bat galduta egongo ginateke”. Ez da Arriagan egon den lehen aldia. “Behin, nire osabarekin etorri nintzen antzezlan bat ikustera”.

Gaizkari, berriz, lanaren eszenografia gustatu zaio. “Oso efektu onak zeuden. Pantaila bat zegoen eta oso ondo ikusten zen”. Istorioa “polita” dela uste du. “Panpinak ondo daude, jantziak batez ere”. Ikasgelan izandako hitzaldiak opera ulertzeko garrantzitsuak direla adierazi du. “Gure eskolan batzuk ez ziren egon eta asko kostatu zaie ulertzea”.

Ostera, Ixoneren ustez “amaiera izan da hoberena”. Antzezlaneko pertsonaiak asko gustatu zaizkio: “Guztiak egon dira oso ondo”. Hala ere, bere iritziz, “jostailu egilearen ile bitxia” izan da operako xehetasunik deigarriena.

“Opera desmitifikatzea”

OLBEren programa didaktikoaren arduradun Aitziber Arretxederrak jakitera eman duenez, 16.500 ikaslek eta 160 ikastetxek parte hartu dute Bilboko opera zaleen elkarteak antolatutako ekintzetan. Orain dela hogei urte hasi zen OLBE eskoletara opera hurbiltzen, Begoña Ruiz de Erentxunen eskutik. Aretxederrak azaldu duenez, hasierako helburua “opera desmitifikatzea” zen.

OLBE Txiki 2005-2006ko denboraldian jarri zen martxan, eta haurrentzat egokitutako operak eskaini. “Denboraldi bakoitzean bost obra izaten dira, eta opera horietako bakoitzak hiru emanaldi izaten ditu: asteburuan zehar, bi saio egiten dira, familia osoak ikusi ahal izateko; asteburu horren osteko astelehen goizean, berriz, eskola saioa izaten da”. Horrez gain, opera baten muntaketara eta entsegu orokorraren aurrekoetara bisita gidatuak jartzen dituzte ikastetxeen eskura.

Operak umeentzako “ulergarriak” izan daitezen, jatorrizko hizkuntza alde batera utzi eta gaztelaniaz ematen dituzte. “Umeek operarekiko hurbiltasuna senti dezaten ematen ditugu gaztelaniaz, eta azpitituluak euskaraz zein gaztelaniaz jartzen ditugu”. Hala ere, gutxika gutxika euskararen presentziak ere aurrera egin du OLBE Txikiko programaren barnean: iragan den otsailean, Bost axola bemola operaren emanaldia euskara hutsean egin zuten, estreinakoz.

Arriagara hurbildu aurretik, baina, eskolan bertan eskuratzen dute ikasleek operaren inguruko jakintza. Izan ere, OLBEko kideek prestakuntza lana egiten dute, eskolaz eskola hitzaldiak emanez. “Umeen adina kontutan hartzen dugu, eta opera guztiak aldez aurretik prestatzen dituzte”, jakinarazi du Aretxederrak. Hala, haurrek ikusiko duten operaren inguruko gida didaktikoa banatzen dute ikasgeletan, umeek ikusiko duten obraren nondik norakoak ezagutu ditzaten.