Loiuko aireportutik Mungiara arteko trenbide sarearen zerbitzuak zenbat erabiltzaile izan ditzakeen eta zenbateko eskaria izan dezakeen aztertzeko ikerketa eskatzea onartu dute, aho batez, Bizkaiko Batzar Nagusiek. Hala azaldu du Aitor Torre Bilduko batzarkideak. Ez arauzko proposamena eraman zuen joan den asteazkenean haren koalizioak Garraio eta Hirigintza Batzordera. Bilduk EuskoTrenen linea aireporturaino iritsiko dela aprobetxatuta, trenbidea Mungiara arte luzatzea eskatu zuten. PSE-EE alderdiak, bestalde, zuzenketa aurkeztu zion proposamenari eta ikerketa eskatu. Bilduk eta gainerako alderdiek babesa eman zioten PSE-EEren zuzenketari.
“PSEren zuzenketari babesa eman diogu uste dugulako tren zerbitzu horrek urtean 900.000 bidaiari izango dituela dioen ikerketa ez datorrela bat errealitatearekin”, azaldu du Torresek. Eusko Trenbide Sareak egindako ikerketari aipamen egin zion berbon bidez. Azterketa horrek Bilduren ustez garrantzitsuak diren zenbait alor ez dituela jasotzen esan zuen.
“Mungiako igarobide osoko zirkulazio datuei erreparatuz gero, urtean, gutxi gora behera, 11 milioi ibilgailu ibili ohi dira. Ibilgailu kopuru hori trenbide lineara transferituz gero,900.000 erabiltzaile aurreikusten dituen kopuru hori gainditu egingo litzateke”, azaldu du.
Azterketa moldatu beharra
Horrez gain, Mungiak eskualde buru gisa jarduteko eta Bizkaibusek trenbide linea horren kolektore lana egiteko aukera ere ez dutela aurreikusi deritzo Bildu Bizkaiak. “Beraz, guri helarazi diguten azterketa moldatzea beharrezko deritzogu eta aireportua eta Mungia lotuko dituen trenbidea bideragarria dela uste dugu”, esan du Aitor Torresek.
Hain zuzen, Bilbo eta Mungia lotzen dituen BI-631 errepidetik egunero 31.999 ibilgailu igarotzen direla azaldu zuten batzorde osteko prentsaurrekoan Bilduko ordezkariek. Horietatik %4,7 ibilgailu astunak dira, Bizkaiko errepideetako zirkularioaren garapenari buruzko azterketaren arabera. Beraz, 30.495, ibilgailu pribatuak direla ondorioztatu dute.
Kasurik txarrenean jarrita ere, hau da, ibilgailu bakoitzean bidaiari bakarra doala kalkulatuta, urtean 11.130.675 bidaiariren datua ateratzen dela azaldu dute, ibilgailu pribatuaren erabiltzaileak trenera bideratuta. Horri, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibuseko erabiltzaileei buruz emandako datuak gehituz gero, urtean beste 1.988.172 bidaiari gehiago izango liratekeela diote.
Bestalde, Sangroniz, Asua, Arriaga eta Lutxanako geralekuak erabiliko balira —gaur egun geraleku horiek ez daudela funtzionamenduan ekarri dute gogora— linea banatu egin ahalko litzateke eta Lutxanan intermodalitatea ahalbidetuko luke. Horrek erabiltzaile gehiago erakarriko lituzke.
Gogora ekarri dute, gainera, beste ikerketa bat lortzeko lana ez dagokiela soilik Batzar Nagusiei: Mungialdea osoaren eta Butroi Bizirik taldearen aldarrikapen historikoa izan dela azaldu dute.