Gaur iluntzean botako dute Igorreko San Antonio jaiei hasiera emango dien txupina. Ekainaren 17ra bitartean, egunero-egunero izango da zertaz gozatua. Bihar, kasurako, ekitaldi berezi bat egingo dute: Euskeraren alde 1.000 km baietz. Intxaurbizkar elkarteak antolatu du, eta euskararen alde leloan aipatutako distantzia egitea du helburu. Horretarako, kilometro bateko tartea prestatuko dute. Parte hartzaileei txartel bat emango zaie, eta mila metroak betetzen dituztenero erregistroa egingo da.
Egun osoa egongo da euskarari eskainia. 09:00etan hasiko da aipatutako ekitaldi hori. Baina horretaz gain, paella txapelketa (12:00), kuadrillen arteko olinpiar jokoak (18:30) eta Tapakubos, Enkore, Stupenda Jones taldeen kontzertua eta Garraxi taldearen erromeria (23:00) egongo dira, besteak beste.
Domekan, berriz, Bizkaiko txirrindularitza eskolen arteko lasterketa izango da ekintza nagusia. Aste osoan egunero izango dute zer egin igorreztarrek. Eta hurrengo asteko asteburuan kontzertuak antolatu dituzte. Barikuan, Hortzikarak eta Narko taldeak arituko dira oholtza gainean. Zapatuan, berriz, Eskean eta Obrint Pas taldeek hartuko diete lekukoa.