Menpekotasuna duten adindun guztiei zabaldu zaie zentroetara joateko aukera

Hemezortzi urtetik gora izanik mendekotasun bat daukan edonork izango du eskubidea osasun eta gizarte zerbitzuen laguntza eskatzeko. Hala iragarri zuen joan den martitzenean Juan Mari Aburto Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak. Orain arte, 60 urtetik gora izan behar zituen zerbitzu hori jaso nahi zuenak. “Planteatutako beharrizanaren aurrean zerbitzu hori zabaltzea garrantzitsua iruditu zaigu, adina ez dadin eragozpen bat izan”, azaldu zuen Aburtok.

Zerbitzu hori eskuratu nahi dutenek bete beharreko baldintzak ondokoak dira: adinez nagusia izatea, Bizkaian erroldatuta egotea, beharrizan soziala duela ziurtatzea eta osasun profila frogatzea. Hain zuzen, besteak beste, gaixotasun infekziosoak dituztenei, gaixo terminalei edota ebakuntzen ostean suspertu behar dutenei bideratutako egoitzak dira.

Etxean artatzerik ez bada

Osasun arloko zaintza behar izanik etxean artatze hori jaso ezin dutenek izango dute aukera egoitza horietako batean laguntza jasotzeko. Denbora baterako zerbitzuak eskaintzen dizkiete beharrizan horiek dituztenei. Gehienez, sei hilabeteko egonaldia egin daiteke bertan.

Era horretako lau egoitza daude Bizkaian. Orain arte, autonomia funtzionala galdu duten 1.720 pertsonari eman diete zerbitzu. Kostu horietan erdi bana ordaintzen dute egonaldia Bizkaiko Foru Aldundiak berak eta Eusko Jaurlaritzak.