Lagunak eginez, 60 urtez

Ordura arte, noizean behin, opera saioren bat antolatzen zen Bilbon, hiriburuko enpresariek bultzatuta. Egitarau sendo bat atondu eta emanaldiak egonkor bihurtzeko asmoz sortu zen, 1953ko apirilaren 9an, OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkartea. Lau lagunen artean jaso zuten egitura guztia: Jose Luis de la Rica tenor bilbotarra izan zen lehen presidentea, Guillermo Bidegain otorrinolaringologoa presidenteordea, Juan Elua idazkaria, eta Jose Antonio Lipperheide diruzaina. Datorren urtean 60 urte beteko ditu elkarteak, eta bukatu berri dute 60. denboraldia. Dagoeneko 61.a ere prest dute. Gaur egun, opera denboraldia duen Euskal Herriko hiriburu bakarra da Bilbo, eta, egitarauaren kalitateari dagokionez, Europako ezagunenen artean dago.

“Opera ez da elitista, ez da garestia eta gozatzeko ez du eskatzen aditua izaterik”. Juan Carlos Matellanes OLBEko presidenteak (Burgos, Espainia, 1958) topikoak apurtu nahi ditu. Izan ere, musika lirikoaren inguruko uste hori oso hedatuta dago gizartean. Azken urteetan, bada, hori izan da OLBEren erronka nagusietako bat: operarekiko zaletasuna gizarte osora zabaltzea.

Zortzi urte bete ditu Matellanesek elkartea gidatzen, eta tarte horretan horixe izan da haren obsesio handiena: bizkaitarrak OLBEra erakartzea. Bizkaian operarekiko zaletasuna badagoela iruditzen zaio. “Mundu ezezagun horri beldurra galtzea da garrantzitsuena, gugana etor daitezen lagunekin eta familiarekin”. Krisiak kultura arloan sekulako eragina izan duela dio, eta aisialdirako zein kultur ikuskizunetarako gastuak behera egin duela: “Egoera honetan, beste publiko batzuk pixkanaka erakartzeko promozioak aurkitu behar ditugu”. Hein handi batean, OLBE Txiki eta Opera Berri egitasmoen egitekoa hori da. Aurrenekoak umeak ditu jomuga: asteburuetan, guraso eta lagunekin joateko aukera izaten dute; astelehenetan, ikastetxeei zabaltzen diete gonbidapena. Bigarrena, Opera Berri, publiko heldua baina orain arte operarekin harremanik izan ez duena erakartzeko sortu zuten. Opera lan garrantzitsuak eskaintzen dituzte, baina prezio erakargarriagoan.

Aste gutxitan, 581 bazkide lortu zituen elkarteak sortu berritan; gaur egun, halako hamahiru dira. Sekulako marka izan zen lortutakoa, baita gerora izandako hazkundea ere. Industria alorreko Bilboko burgesiako kideak ziren gehienbat hasierako zaleak. Ekitaldi sozialak gustuko zituzten, eta operak horretarako aukera ematen zien. Bartzelonako Liceu antzokia hartu zuten eredu, opera munduan erreferente nagusietakoa baita Europan. Hasierako garai haietan ez zuten laguntza handirik izan; zer edo zer erakunde publikoen aldetik jaso zuten. Batez ere Italiako enbaxadak diruz lagundu zituen, aurreneko urteetan.

Gaur egun elkarte pribatu eta erakunde publiko hainbaten laguntza jasotzen du. Hala ere, elkartearen diru iturri nagusia kideek egindako ekarpenak dira: 2012 aurrekontuen %25 da administrazio publikoetatik jasotakoa; alegia, 2,6 milioi euro —2008an 4,3 milioi jaso zituzten—.

Gerora urte osoko denboraldi bihurtu ziren arren, hasieran jaialdiak antolatzen zituen OLBEk. 1953 hartan antolatu zuen aurrenekoa, Ama Birjinaren omenezko jaiekin batera. Abuztuaren 16an Pucciniren Tosca taularatu zen, 18an Verdiren Aida, 19an Verdiren Rigoletto, 21ean Verdiren Il trovatore eta 22an Donizettiren La favorite. Urtea bukatu aurretik iritsi zen bigarrena ere, Gabon sasoian. Abenduaren 25etik 30era eskaini ziren ondorengo lanak: Rossiniren Il barbiere di Siviglia, Pucciniren Madama Butterfly, Verdiren Un ballo in Maschera, Giordanoren Andrea Chenier eta Verdiren La Traviata. Gerora, 1990. hamarkadan, jaialdi horiek osatuz urte osoko denboraldiak antolatzen hasi ziren, irailetik ekainera. Hasieran ballet emanaldiak ere izaten ziren. 1955etik 1972ra hamabi ballet jaialdiz gozatu ahal izan zuten Bilbon, OLBEk antolatuta. Hasieran Coliseo Albia antzokian zuten eszenatokia. Gerora, Arriaga bihurtu zen Bilboko opera zaleen bilgune. 1999an, baina, jauzi handiagoa egin eta Euskalduna jauregi inauguratu berrian hasi ziren opera saioak eskaintzen. Agertoki berriak “behar duen handitasuna” eman zion operari, Matellanesen hitzetan.

Gaur egun, denboraldia OLBEren Kontzertua izeneko emanaldiak, Orkestra handien kontzertuak, OLBE Txikik, Opera Berriko saioek osatzen dute eskaintza. Horrez gain, jardunaldiak eta hitzaldi zikloak ere antolatzen ditu elkarteak. Baita operari lotutako hainbat argitalpen kaleratu ere. “Bilbotik kilometro gutxira, Bizkaitik irten ere egin gabe, gure lana oso ezezaguna da, eta hirian bertan askok opera zale izatea garestia dela uste du. Horregatik ezinbestekoa da gure jarduera guzti horiei eustea”, dio Matellanesek. OLBEk “kalitatea lehenesten du”. Elkarteko presidentearen hitzetan, ahotsen maila da garrantzitsua, abeslarien jatorria aintzat hartu gabe. 1953ko lehen bi jaialdi haietan, Gianni Poggik, Enzo Mascherinik eta oraindik gazte-gaztea zen Carlo Bergonzik parte hartu zuten; “garaiko onenek”. 61. denboraldirako ere goi mailako abeslariak deitu dituzte: Sandra Radvanovsky, Marius Kwiecien eta Inva Mula, besteak beste.