Eskerrak emon eta oroitu

Nire lagun bihotzekoa zan Gregorio Unibaso joan zanean pentsau neban zeozer idatzi behar nebala bere dedikazinoa, errespetoa eta leialtasuna eskertzeko, bai neuri zein Laukizeri. Ez neban egin bildurrak eraginda, seguruenik, ez nebalako jakin zelan azaldu azaldu beharreko guztia. Baina hauxe da une egokia. Eskerrak emon gura dautset Gregoriori, Luis Basterretxeari, Idoia Irustari eta lagun-aholkulari izan neban Jesus Canori.

Gregorio, alguazila baino gehiago izan zintzan, zure Cuatro F-gaz bueltaka eta bueltaka, gasolina sekulan kobratu barik… Leiala, langile porrokatua eta hamaikatxu dohairen jaube. “Itxaskun, hau ezin da halan izan…”, esaten zeustan. Nik preguntetan neutsun: “Gregorio, hau zelan egin leiteke?”, eta zuk beti topetan zenduan konponbideren bat. Ixil-ixilik. Seguru nago zure seme-alabek eta zure andrak jakin izan ebela une mingotsak izan zenduzala. Zelan kantetan zenduan gure almortzuetan! Beti egoten zintzan umoretsu eta danon lagun, batez be EAJ zatitu zanean. Dana errazten zenduan.

Luis, Luis Basterretxea. Nondik hasi? Ezer baino arinago parkamena eskatu behar dautsut joan zintzanean enebalako jakin merezi zenduan moduan agur esaten. Parkamenik ez dot merezidu, baina une latza izan zan niretzat. Sentiduten dot, Baste, hori be bizitzaren zati bat da eta halaxe ataraten dira gauzak.

Baste, barruan eroaten zenduan herri hau, zure Aberria, euskaldunen aberria, zure baserria… dotore, agintzekoa, maitagarria, alaia, arteza. Ezin dot ahaztu irakatsi zeustan guztia. Hori guzti hori praktikara eroan dot eguneroko nire bizitzan eta horri esker ondo atara naz une latzetatik. Zuri esker ikisi neban umiltasune, familia maitatzeko beharra, edukazino ona eta giro bikaina maitatzeko joerea… Anfitrioi ezinhobea izan zintzan!

Idoia, maitea, zu bigarren olatuan etorri zintzan udaletxera. Baina ezer baino gehiago nire laguna izan zintzan. Zuri buruz dana esan zan zure agurrean. Handi-handia eta maitagarri-maitagarria. Halaxe zintzan eta eskuzabala be bai. Rafari gutxitan deituten dautsat, inoz bez, egia esanda, baina beti izaten zaituet gogoan eta esan behar dautsut ez dotela sekulan zu lako langile porrokatua topatu.

Jesus, zureak ustekabean harrapau gaitu, ustekabean harrapau nozu. Akordetan naz zelako arpegia imini zenduan udala osotzeko bilkuran nire petatxoz beteriko praka eroan nebanean. Nik uste neban dotore joan nintzala ekitaldira, baina… Orduan nire protokolo burua bihurtu zintzan eta Basteren osagarria. Lagun leiala eta aholkularia orain aste betera arte, beti arduratuta gauzak ondo egin behar ziralako eta beti kritiko. Badakizu ez jatala kritikea gustetan, baina ohituten joan nintzan eta horrek on egin eustan.

Alaia, umoretsua aurrekontu hura prestau genduanean Jon Cuñadogaz batera ahal zana egokituten. Bastek eta zuk borrokatu egiten zenduzan pezeta bakotxegaitik, Unberako egin beharreko zerbitzu bakotxagaitik. Lan zoragarria egin zenduan eta horri esker komunitate biak batuago ibili ziran. Luisek, hil baino lehen ekarpen zehatzak egin eutsazan orduko hauteskunde programeari “Izaskun, honeek kaleok asfaltau behar dira. Oso txarto dagoz. Konpondu behar dira…” Eragin gutxi izan eban gureak baina egin genduan.

Jesus, zuk prestatu zenduan legealdi hartan izan genduzan ekitaldirik garrantzitsuenak. Honexegaitik izan zintzan nire protokolo burua. Zuri esker izan nintzan alkatesarik inportanteena, badakizu… Eztabaidau egiten genduan asko, danagaitik, dana imini genduan kolokan diskusino hareetan, baina lantalde itzela osotu genduan.

Lauron ganean esan behar dot arima izan zenduzala. Bizitza maite izan dozue, onean eta txarrean. Familia, lagunak eta gure aberria, Euskal Herria maite izan dozue. Zeuen leialtasuna eta errespetua neurribakoak izan ziran. Danak ziran bardinak zeuen aurrean eta dana egin zenduzan debalde. Gaur lako egoerean batek baino gehiagok pentsau egin beharko leuke honen ganean.

Eskerrak Gregoriori, Luiseri, Idoiari eta Jesuseri Laukizen alde eskuzabal egindako guztia.