“Eredu produktibo berri baten aldeko apustua egin dugu”

Ermuko udaletxea Valdespinako markesaren jauregian dago 1985az geroztik. Carlos Totorika alkateak harro eman ditu XVIII. mendeko eraikin xarmant horren inguruko xehetasunak. “Ziur aski, Bizkaiko barroko zibilaren gailurra da”.

Herriko aberastasun arkitektonikoaren adibide gisa, egun Lobiano kultur gunea kokatzen den jauregia ere aipatu du. “Errenazimenyuko eraikin bat da, 1503an sortutakoa”. Biak ala biak oso kontserbazio egoera onean heldu ziren XX. mendera, baina Ermuko eraikin historiko gehienak desagertzearen arrazoia ere azaldu du Totorikak: “Konbentzio Gerran, Bizkaiak hemen ezarri zuen defentsa lerroa, baina frantsesek Ermura sartzea lortu zuten. Harresia eraisteaz gain, herriko etxe gehienak ere erre zituzten, Erdi Aroko hiribildua suntsituz”.

Ikasgai historikoaren bitartez, alkateak Ermuari lotutako zenbait topiko ezeztatu nahi izan ditu. “Jendeak uste du Ermua 1960ko hamarkadan arrapaladan eraikitako hiria dela, baina 700 urteko historia daukagu”. Hala ere, industrializazioaren garaian Ermuan garatu zen hirigintza eta immigrazio eredua “adibide txar bat” dela aitortu du. Aurreko hamarkadetan etorkin kopuru handia jaso izanak gaur egun beste kontinenteetatik datozen herritarrei harrera ona egiteko esperientzia “lagungarria” izan daitekeela uste du Totorikak. Hala, etorkin berrien integrazioa sustatzeko bidea jorratu nahi izan du Ermuko Udalak joan den larunbatean bukatutako XII. Immigrazio Jardunaldien bidez. Totorikak argi dauka zein den aurreiritziekin apurtzeko modua: “Elkar ulertzeko gizakiak izan behar du harremanen ardatza”.

Jardunaldietan etorkinen inguruan zabaldu diren “zenbait pertzepzio kulturalen aurka” egiten saiatu dira. “Lana kendu beharrean”, beste kontinentetatik etorritako ermuar berriek “laguntza” eman dutela uste du Totorikak: “Adineko pertsonak zaintzen dituzte guk onartuko ez genituzkeen lan baldintzak izanik”. Gai horrekin bukatzeko, ohar bat egin du: “Noizbait, denok izan gara etorkinak”.

Saihesbidea, buruhauste

Errepide nagusiak Ermua zeharkatzearen ondorioz, 33.000 ibilgailu igarotzen dira egunero herriko erdigunetik, 16.000 pertsona kaltetuz. Saihesbide bat eraikitzeko ozen aldarrikatu du Totorikak. Arrazoi ekonomikoez aparte, errepideak herria erdibitzeak ekarri duen “bizi kalitatearen galera” aipatu du saihesbidea eraikitzeko arrazoi nagusi gisa. “Gure umeek 3.000 kamioien kea irensten dute egunean”.

Krisiaren ondorioz azpiegiturak eraikitzeko aurrekontua asko murriztu dela jakinda ere, Totorikak ez du proiektuaren bideragarritasuna zalantzan jartzen. “Saihesbidea egingo da. Noiz egingo den baino ez gara eztabaidatzen ari. Ermua eta Bizkaiarentzat ezinbestekoa da azpiegitura hori eraikitzea”. Herriak auzi honen inguruan mobilizatzen jarraituko duela dio. “Ahaldun nagusiak entzun beharko gaitu, baita Batzar Nagusiek ere”.

Bestalde, Izarra Centre eraikuntzaren bitartez telekomunikazio enpresak “erakartzea” espero du Totorikak. Joan den apirilean inauguratu zuten, eta, alkateak emandako datuen arabera “azaleraren %10 alokatuta dago jadanik”. Haren irudiko, teknologien zentroarekin udalak “eredu produktibo berri baten alde” egin du. Ikasketa maila altua duten ermuarrak herrian gelditzeko akuilu izan daitekeela uste du. “Ez dugu nahi herriko jenderik prestatuena Bilbora edo Frankfurtera joan behar izatea beharrera”.

Horrez gain, Hirigintza Plan Orokorra bi hilabetez ikusgai egon da San Antonio baselizan. Alkatearen iritziz, “onarpen zabala” izan du egitasmoak. Haren esanetan, “iraunkortasuna” da planaren ardatza. “Espazioa berrantolatu nahi dugu, lantegiak erdigunetik atera bertan etxebizitzak edo parkeak egiteko”. Adineko pertsonei zein gazteei alokatzeko 500 apartamentu inguru eraikitzea, “oinezkoen alderdiak hedatzea”, trenbidearen zati bat lurperatzea eta tren geltokia berritzea dira egitasmoak aurreikusten dituen ekintzarik nabarmenenak. Halaber, kale izendegia guztiz berritzeko beharretan murgilduta daude Ermuan. “Herritar askorentzat sorpresa izan da, ez dugulako inoiz egin”, adierazi du Totorikak.

Ermuan aparkatzeko arazoak badaudela onartu du alkateak. “Ilunabarretik aurrera, ia mirakulu bat da aparkatzea. Ez dago lekurik”. Egunero txarto aparkatuta 500 kotxe inguru egoten dira herrian. “Ez da aitzakia bat, baina lehen 1.000 baino gehiago genituen”. Debabarreneko Mankomunitateko kideetariko bat da Ermua. Elkargoak Bizkaiko eta Gipuzkoako herriak biltzen ditu, baina elkarbizitza “ona” dela uste du Totorikak. “Ikasteko, lan egiteko, ligatzeko edo parranda egiteko, beti izan dugu harremana Eibarrekin edo Elgoibarrekin. Ospitalera ere Mendarora joaten gara. Gure ingurunea da, gure eremu naturala”.