Gerediaga elkarteak ospakizun bat antolatu du biharko, Durangaldeko dantzak erakusteko, eskualde horretako dantzariak elkartzeko eta jai giroan gozatzeko helburuarekin: Dantzaroa da ekitaldi hori.
2009an ekin zion elkarteak jaialdi hori antolatzeari. Aurten, beraz, laugarren aldia izango dute. Ekitaldiak 19:00etan hasiko dituzte bihar. Kalejiran abiatuko dira dantzariak, udaletxe aurretik Ezkurdira bidean.
Dantza saioei 19:30ean ekingo diete. Erakustaldia Ezkurdin bertan egiteko asmoa daukate. Eguraldia lagun ez bada, ordea, Andra Mariko elizpean egingo dute.
Mutilen dantzek hasiko dute ikuskizuna: banangoa, makilajokoa eta txotxongiloa dantzatuko dituzte. Gero, neska eta mutilek batera, zinta dantza, estanpa eta arku dantza egingo dituzte. Iaz, berrehun dantzari inguru elkartu ziren, eta antolatzaileek espero dute aurten ere ekitaldi arrakastatsua izatea. Dantzaroko erakustaldiaren ondoren, oilasko errea dastatzeko aukera izango dute joaten direnek.
Gerediaga elkarteak, folkloreari beste bultzada bat emateko, Durangaldeko Folklore Egunak zikloa antolatu du aurten, ekaina eta uztaila bitartean. Ekainaren 14an, mahai inguru bat egingo dute, Iurretan: Dantza autoktonoen ezbaiko egoera; hilaren 21ean, zinema emanaldi bat, Berrizen: Berrizko dantzariak; 26an, hitzaldi bat, Mañarian: Durangaldeko gaita eta gaiteroen istorioak; uztailaren 5ean, zinema emanaldi bat egingo dute, Abadiñon: Abadiñoko dantzariak; eta 14an, ezpata dantzari eguna ospatuko dute, Otxandion.