Bilduko alkateek salatu dute aldundiak udal finantzabidea mugatzen diela

Bilduk Bizkaian dituen alkateek jakinarazi dute foru arauek murriztu egiten dietela udalen egoera ekonomikoa hobetzeko gaitasuna. Hala, Bizkaiko Foru Aldundiari eta gainerako alderdi politikoei eskatu diete konponbide bat emateko udalen finantzaketa arazoari. Kargua hartu zutenetik urte bat bete dela, hamabi hilabeteon balantzea egin dute, eta finantzabidearena izan da, hain zuzen, buruko min gehien eragin dien kontua.

Bilduren esanetan, garairik zailena Lemoan, Urduñan eta Diman dute gaur egun. Josean Angulo Sopuertako alkatearen hitzetan, “udalek ez dute gaitasunik neurriak hartzeko gehien sufritzen ari diren familiei laguntzeko, foru aldundiaren araudiak berak debekatzen digulako”. Salatu dute “herentzian” hartu dutela egun udalek duten egoera larri hori: “EAJk eta PSE-EEk bultzatutako udal kudeaketa ereduaren ondorio da”. Hala, iruditzen zaie eredu hori aldatu egin behar dela, eta ez dute ontzat jotzen EAJk proposatutako irtenbidea. “Krisiak zerbait erakutsi badigu, hau erakutsi digu: arazoa ez da konponduko zorpetze ahalmena handituta; izan ere, aurrekontuekiko proportzioz kanpokoa den gehiegizko zorpetze horrek eragin du arazoa”.

Udalen zorra ordaintzeko ondasun higiezinen zerga handitzea salatu du koalizioak, eta susmoa dute foru aldundiak helburu hori duela egiten ari den katastro azterketan.