Maiatzaren bukaeraz geroztik, Bilbo eskura zuten frankistek. Hegazkineriaren aldetik zuten nagusigoa kontuan izanda alferrikakoa suerta zitekeen, 1936ko urritik aurrera Bizkaiko hiriburua babesteko eratu zuten burdinezko gerrikoa, Maginot defentsa lerro antzekoa. Plentziatik Zierbenaraino, 68 kilometro luzera zuen borobil defentsiboa, era desorekatuaz eraturik zegoen. Hainbat tokitan porlanez, egurrez eta burdinez egindako bunkerrak eta artileria kabiek ongi bermatzen zuten defentsa lerroa. Beste batzuetan, Fika eta Gamiz artean, esate baterako, ahulgune galantak zituzten. Alejandro Goikoetxea ingeniariak egindako beste alderatzea lagun, batzuek eta besteek zekiten hori. Gertu-gertu zeudelako eta ahulgune horretaz baliatuz, hortik sartu ziren armada frankistakoak ekainak 12an, gero alde batera eta bestera beraien aitzinamendua zabaltzeko.
Aurreko egunetan, artileria eta hegazkineriaren bitartez prestatu zuten soldaduek erasoaldi hori. Ekainaren 7an, Lemoaitza behin betiko hartu ostean, Bizkargitik artileria erabilita erasotu zituzten gerrikoan bertan zeuden babeslekuak. Hurrengo egunean, itsasotik bertatik, Billano muturraren aurrean zeuden barku frankistek ere, Plentzia eta Gatikaren artean zegoen aldea bonbardatu zuten. Baina benetako oldarra ekainaren 11n hasi zen, gerrikoaren aurretik zegoen dibisio euskal asturiarra artileriaz eta hegazkineriaz erasotu zutenean. Urkulu mendia zuten helburu eta nahiz eta horko tontorrean egundoko defentsa burutu, ezinezkoa izan zuten gudariek eta milizianoek zerutik zetorkien eraso andanari aurre egitea.
Alde frankistatik artileriako 35 bateria (140 kanoi) aritu ziren ordu luze batez, gerrikoaren defendatzailek euren 4 bateriekin (16 kanoi) erantzuten saiatzen ziren bitartean. Halaber, hegazkineriaren aldetik, erabateko desoreka zegoen. Valentziako gobernuak, Bizkaira hegazkinak bidaltzeko Prietoren bitartez egindako promesak antzuak suertatu ziren. Izan ere, gerrikoa puskatzeko egunetan, alde frankistatik 70 bonbarderok gehi 50 ehiza hegazkinek jardun zuten artileriak burutu zituzten erasoak osatzen. Eta alde errepublikanotik, aldiz, hegazkin arrastorik ez. Hori dela eta, Davila eta Martinez Campos general frankisten agindutara jardun zutenak jo eta su erasotu zituzten Urkulu eta ingurukoak.
Eragin zuten infernuarengatik, munduaren amaiera zetorrela idatzi zuen lekuko batek. Agirre lehendakariak, ekainaren 11 gauez Prietori bidali zion telegraman laburbildu zion egoera: “Gerrikoa oso gogor zigortu dute, Urrusti eta Gaztelumendiren artekoa sutan jarriz. Arerioek jarduteko duten erabateko askatasuna deuseztatzeko, hegazkineria era masiboan ez bada azaltzen, egoera oso larria da”. Hurrengo orduetan, Agirrek aipaturiko bi leku horien artetik, Urrusti eta Gaztelumendiren bitartekotik, gudariz hutsik gelditu zelako, frankisten I, V eta VI brigadakoek gainditu zuten gerriko ospetsua. Hortxe ibilitako Beldarrainek, hainbat urte igarotakoan ongi izkiriatu zuen legez, “errutinazko defentsa lerro batek gutxi balio zuen, ez bazuen aurrean zeuden arerioek adina arma”. Balantzeak balantze eta kexak kexa, gerrikoan egindako arrakalak aise lagundu zuen frankisten aurrerapena. Izan ere Bilbo 10 kilometrora, oso gertu izateaz gain, defentsa lerro horretan hilabetetan jarritako esperantza guztiak erabat mikatz bihurtu ziren Bizkaiko eta Euzkadi autonomoko hiriburua zen hiriaren defendatzaileentzat.