Abestien egun handia

Abesbatzen eguna

Mungia

Musika erritmo eta doinuek hainbat bazkaloste, zeremonia eta ekitaldi girotu dituzte Bizkaiko herri askotan. Bada, etzi Mungiako bazter guztietan abestiak entzungo dira. Izan ere, urtero egiten den Bizkaiko Abesbatzen Eguna ospatuko da. Hori dela eta, herrian bildu eta kantatuko dute herrialdetik etorritako abesbatzek.

1982an ospatu zen aurrenekoz jai hau, Bilbon. Eta ordutik urtero egin da, 1993an eta 1994an salbu. Bizkaiko Abesbatzen Elkartean dauden 141 abesbatzetatik 54 izango dira 29. aldi honetan.

Eguneko ekitaldi nagusia egurats zabalean ematen duten kontzertua da. Aldez aurretik eta dena behar bezala prestatzeko, proba saio bat izango dute 10:30ean. 12:30etik aurrera, Matxin plazan, gazteek zein helduek kantatuko dute. Guztira hemeretzi kanta izango dira, batzuk ezagunak oso. Bili bili bonbolo, Gora ta gora beti, Festara, Txakoli eta Isil-isilik, besteak beste. Hainbat obrak sortzaileak omentzeko balioko dute. Txakolin da bat, eta egilearen heriotzaren ehungarren urtea gogoratzeko balioko du. 15:00 aldera amaituko da musika emanaldia, Agur, jaunak kantatuz eta oroigarri bat banatuz.

Bazkaria eta jolasak

Eguneko protagonismoa abestiek izan arren, anaiarteko bazkariak eta jolasek ere tartea edukiko dute, musikariak isildutakoan. 15:15ean, abeslariak, haien laguntzaileak eta udaleko zein aldundiko ordezkariak mahaiaren bueltan batuko dira. Bentades ikastetxean bazkalduko dute gutxi gorabehera 1.100 pertsonak. Arratsalderako, jolasak antolatu dituzte, umeen gozagarri.

Abesbatzen egunak helburu ugari ditu. Batetik, abeslari ezagunen kantuak herritarrek ezagutaraz ditzaten nahi dute, horrek jendea musikaren mundura erakarriko baitu. Bizkaiko abesbatzen artean dagoen harreman ona ikusarazteko ere balio du. Era berean, haurrak zein gazteak doinu zein errimetara zaletzea eta erakartzea ere badu asmoa. Horretarako, Bizkaiko musikaren egun nagusian abesti dibertigarri eta atseginak izango dira entzungai Mungiako kale eta auzo guztietan barrena.