Karlos Arranz Urduñako alkateak udalak 6 milioi euroko zorra duela ohartarazi du. Aurten 4,5 milioi jasoko ditu, eta horietatik 1,5 zorrak ordaintzeko izango dira. Hala, Arranzen esanetan, Urduñak ez du dirurik izango urtea bukatzeko eta ezingo die hainbat gasturi aurre egin.
Urduñako alkateak gogora ekarri duenez, 2008an foru aldundiak Urduñederraren akzioak erosi zituen, milioi bat euroren truke. Koalizioaren esanetan, diru horrekin urte horretako kontuak konpondu ziren, baina ez, ordea, arazo orokorra.
Hori horrela, Bilduk konponbidea eskatu dio foru administrazioari. Bizkaiko udal guztietan mozio bat aurkeztuko du, udalekin mahai bat osa dezatela eskatzeko. Mahaian Udalkutxaren kudeaketa aldatzea aztertuko lukete. Era berean, udalei Ondare Higiezinen Zergaren eta Ekintza Ekonomikoen Zergen gaineko tresna gehiago ematea jasoko du mozioak, horien bidez haien diru sarrerak handitu ahal izateko.