Pausoz pauso kontzientzia hartu

Ga

Lurraldean zehar barreiatuta dauden enpresa eta Garbigune ugaritatik iristen dira hondakinak Ortuellara. Kamioietatik jaistean langileek egiten duten aurreneko gauza horiek jaso eta modu egokian sailkatzea da. Horretarako, hainbat irizpide dituzte; produktua egurrez, metalez edo beste osagai batez eginda dagoen erreparatzea da garrantzitsuenetako bat. “Lehenik, hondakinak multzo bitan banatzeko ardura dugu. Hau da, berriz erabil daitezkeenak alde batera doaz, eta ezin direnak, beste txoko batera”, azaldu du Begoña Egiraun Berziklatu plantako arduradunak.

Erabil daitezkeenak, beraz, lantegian propio prestatuta daukaten gunera doaz. Besteak, berriz, birziklatzera. “Horiek hainbat makinatatik pasatu, eta lehengaiak banatzen ditugu. Metalak, birziklatu ondoren, torlojuak egiteko balio du. Olioa lantzea zailagoa da: espezializatuta dagoen enpresa batera eramaten dugu, ondo landu dezaten”. Prozedura hori, baina, berrerabili ezin diren elementuentzat da soilik.

Berrerabil daitezkeen etxeko tresna elektrikoak eta elektronikoak ez dituzte lantzen Ortuellan. Izan ere, Ekorrepara kooperatibaren lantegietara eramaten dituzte. Hango beharginek modu egokian konponduko dituzte. “Ekorreparako lantegian behar bezala egokitu eta txukuntzen dituzte. Hori egin ostean, hasieran baino merkeago eta urte bateko bermearekin jartzen dituzte salgai”, zehaztu du Egiraunek.

Kontzientzia pizteko lana

Etxeko tresnak berriz erabiltzea, gizakiak ez ezik, ingurumenak ere eskertuko du. Alde batetik, naturak emandako baliabideak hobeto erabiltzea dakar, hondakin gehiago sortzea saihestuz. Bestalde, atmosfera eta ingurunea gutxiago kutsatzeko eta klima aldaketari aurre egiteko ere balio du.

Berziklatuz plantak beste modulu bat jarri du martxan orain egun gutxi. 300 metro koadro ditu, eta han, berrerabil daitezkeen produktuak daude ikusgai. Horrekin, hondatuta edo behar ez dituzten elementuak birziklatu eta berriz erabiltzera bultzatu nahi dute gizartea. Baina, batez ere, jendeak kontzientzia hartzea nahi dute. “Hondakinak berrerabili eta birziklatzea sustatu nahi da, etorkizuna bide horretan dagoela uste dugulako”, azaldu du Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak. Era berean, gizartea ohartaraztea ere garrantzitsua dela dio.

Jendeak etxetresna elektriko eta gainerako apaingarriak ikustea eta kontzientzia lana egitea ez da pabiloi horretarako duten helburu bakarra. Bilbaoren ustez, gizarteak arduraz kontsumitzeko helburua ere badu. Horretarako, ikusgai daude eta salgai tapizak, mahaiak, aulkiak, kutxak eta bestelako tresneria. “Hemen dagoena ez da salduko, erakutsi bakarrik”, zehaztu du. Ikustera joango dira herritarrak, Bizkaiko eskolak zein ikastolak eta bigarren eskuko produktuak saltzen dituzten dendak.

Industria eraikin berria egiteko, 150.000 euroko inbertsioa egin dute guztira. 113.000 euro ordaindu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Gainerakoa Berziklatuk eta BBK-k jarri dute. Pabiloi berri honetan, gainera, gizarte bazterketa sufritzeko arriskuan dauden gizon eta emakumeek behar egiteko aukera izango dute aurrerantzean.