Etxerik bakoen babesik eza

Krisiaren gordintasuna atzematen ari dira hainbat alor. Oinarrizko eskubideak beteak ez dituztenek are gehiago pairatzen dituzte murrizketa horiek: etxerik barik kalean bizi direnek, hain zuzen ere. Eta hori azaldu zuen BesteBi plataformak Eusko Legebiltzarrean maiatzaren hasieran. Gizarte politikei buruzko batzordean egoeraren larritasuna utzi zuen agerian etxerik barik bizi direnen errealitatea gizarteratzea eta salatzea helburu duen plataformak. Irtenbiderik, ordea, ez dute aurkitu.

Osasun edo hezkuntza arloko murrizketez gain, “badaude gauza txiki batzuk prentsan ez direnak agertzen”, adierazi du Joseba Gaya BesteBiko kideak. Besteak beste, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzetan egindako aldaketak: “Oinarrizko errenta hori jasotzen duten pertsona bi bizi daitezke, gehienez, orain etxe batean. Ondorioz, etxe bakoen zirkuitutik kanpo zeuden batzuek berriz ere bueltatu behar izan dute gure zirkuitura. Zergatik? Jada euren bizitza etxe batean, logela bat alokatua, antolatua zuten pertsona horiek errenta hori jasotzeko aukerarik barik geratu direlako”. Horrez gain, esan du diru sarrera horien zenbatekoak gutxitu egin direla eta laguntzok jasotzeko baldintzak gogortu direla.

Gizarte zerbitzu hori Lanbidek bere gain hartu izanak ere hainbat arazo sorrarazi dituela ekarri du gogora. Izan ere, “lehen, beharrizana zuen pertsona batek gizarte langile batengana jotzen zuen. Hark diagnosi bat egiten zuen, eta laguntza ekonomikoa zegokion edo ez ebazten zuen. Orain, ordea, zuzenean Lanbidera joan behar dute, eta han ez dago gizarte arloko beharginik. Lan administratibo hutsa egiten dute. Sarri, ordea, jendeak behar duena orientazio soziala da, ez laguntza ekonomiko hutsa”.

BesteBik salatu du trantsiziorik ez dela egon Bizkaiko Foru Aldundiak eskumen hori Lanbideri emateko prozesuan. Plataformak dio eskumena aldatzeko prozesu horretan jakinduria asko galdu dela.

Nahiz eta BesteBik egindako hausnarketa oso aberasgarria iruditu, egindako lanagatik eskerrak eman eta proposatutako eskaerekin ados egon, politikariek ez zuten konpromiso zehatzik hartu batzorde hartan. “Eusko Jaurlaritzak esan zigun lehen baino hobeto bideratzen dela arazo hau”, esan du Gayak, “eta zerbait antolatu nahi dugunerako, euren laguntza eskaini ziguten. Eskertzekoa da, baina badakigu horrek ez daukala ibilbide luzerik”, adierazi du.

Gakoa, prebentzioa

Aitortu du konponbidea egon badagoen arren ez dela erraza. Prebentzioan dago gakoa. “Nahiz eta bazterketa konpontzea ez den erraza, guk uste dugu prebentzio lan asko egin daitekeela eta ez dela hain zaila. Borondate politikoa behar da egoera hauek ekiditeko, eta uste dugu ez dela hain garestia. Oso inbertsio ona izango litzateke gizartearentzat. Azken urteetako politikek adabakiak jartzen dituzte zauria sendatzeko; zauria ez dela agertu behar pentsatzen dugu guk”. Horretarako, “etxebizitza eta hezkuntza politika irekiagoak, sistemen arteko benetako koordinazioa” eta beste proposatu dituzte. “Horrek gizarteari eta sistemari diru mordoa aurrezaraziko die, eta, gainera, bazterketa egoeran dauden pertsonak askoz gutxiago izatea ekarriko du”, esan du.

“Gizarte justuagoa” aldarrikatzen dute. “Gizarte oparoa eta aberatsa gara. Uste dugu guztiontzako lekua dagoela eta guztiok duintasunez bizitzeko gizartea edo sistema daukagula”.

Aterpeak urte osoan zabaltzea da BesteBi plataformak egiten duen beste aldarrikapenetako bat. Hala eskatu diote aurten ere Bilboko Udalari. “Neguan programa hori jartzen dute martxan, baina urtaro hori amaitzen denean edo eguraldiak hobera egiten duenean, pertsona asko kalera doaz berriz ere”.

Udalak plataformaren ekarpena eskertu bai, baina haiek darabilten sistemari eusteko asmoa agertu dio berriz ere. “Esaten digute beste herri batzuetan ez dela ezer egiten eta haiek, gutxienez, aterpeak zabaltzen dituztela”, esan du Gayak.

Etxerik barik bizi direnen egunerokotasunari dagokionez, azaldu du ahal duten bezala aurre egiten diotela. “Bueltaka, leku batetik bestera… Askok formaziorako programetan hartzen dute parte, eguneko zentroetara doaz… Asko eta asko euren egoera aldatzen saiatzen dira”.

Eguraldiak txarrera egiten duenean, lo egiteko leku egoki baten bila ibiltzen dira etxerik bakoak: “Lekuz aldatu behar dute, eta horrek hurrengo egunean nabarmen jaisten du euren errendimendua. Bero egiten duenean, berdin. Mota bateko edo besteko okupazio programetan ez daudenak bueltaka ibiltzen dira Bilbon. Eguraldi onak laguntzen die. Hala ere, bero handia ez da hotz handia baino hobea”, argitu du. Eta euripean lo egitea ere ez da atsegina. Neguan, abendutik martxora bitartean, lau pertsona hil dira Bizkaiko hiriburuan.

Larrialdietako aterpeetan, lo egiteko, dutxa bat hartzeko eta zerbait jateko aukera aurkitzen dute etxerik barik bizi direnek. Baita gizarte zerbitzuekin harremanetan jartzeko ere. Izan ere, “hezitzaile taldeak egoten dira horietan. Hortik aurrera, eurekin harremanak hasten badituzte, euren egoera aldatzen hasteko aukera daukate”.

Kalean bizitzearen gogortasunari buruz ere egin du berba. “Askok bizitako egoera latzak daramatzate motxilan. Bestalde, kalean alde batetik bestera ibiltzeak errotzeko aukerarik barik eta segurtasunik barik, larri uzten ditu pertsonak. Psikologikoki ere ondorioak izaten ditu egoera horrek. Ez da erraza egunero adi egon behar izatea zerbait gertatuko ote den begira, lo apur bat egin ahal izateko. Oso leku txarretan egin behar dute lo, segurtasun falta itzelarekin. Edonor ager daiteke lapurtzera edo jipoitzera. Ez dira egoera errazak, eta horrek nerbioak apurtu egiten ditu”.

Beste asko, bestalde, buruko gaixotasunak aurretik izan dituzten pertsonak dira. Gaitz horiek bultzatu dituzte, gainera, kalean bizitzera. Egoera bat edo bestea izan oso latza dela aitortu du Gayak: “Pertsonok egonkortasuna behar dugu. Horrek segurtasuna ematen digu eta indarra aurrera egiteko”.

Arazo psikologikoak kontuan hartuta, Osakidetzarekin lan egiten du BesteBi plataformak, pertsona horiek psikiatra batekin harremanetan egon daitezen. Bilbon, esaterako, udaleko kaleko hezitzaileekin batera psikiatra talde bat ari da lanean duela bi urtetik. Hori, batetik, diagnosi hobeak egiteko lagungarria da; eta, bestetik, zubi moduko bat egiten du osasun zerbitzu publikoaren eta pertsona horien artean. Izan ere, “sarri, pertsona horiek ez dute ondo ulertzen zer gertatzen zaien eta beren buruak ez dituzte gaizki ikusten”.

Laguntzen inguruko kritikak

Etxerik barik dagoen pertsona bakarrik dagoen pertsona bat izan ohi da. Gizarte eta laguntza sareak apurtuta eduki ohi ditu. Immigranteak dira batzuk, buruko gaixotasuna dutenak beste batzuk, eta mendekotasunen bat dutenak beste batzuk. Gehienak gizonezkoak dira, gainera.

Babesik ez eta krisi garai horietan, pobreak pobrearen aurka egiteko jarrera hartu dute askok. Administrazio publikoak batzuei eta besteei laguntzak emateko irizpideak zalantzan jartzen dituzte langabezia eta pobrezia goraka doazen uneotan.

Herritar horiek darabiltzaten jarrerok “politikariek sarri bandera hori atera izanaren ondorio” direla deritzo Gayak. “Gizarte laguntzen iruzurrari buruz hitz egiten dute. Kontrol horren ardura, ordea, administrazioari berari dagokio”, ondorioztatu du: “Administrazioak esaten du bere lana gaizki betetzen duela. Errua, ordea, laguntza jasotzen duen pertsonari egozten dio. Pertsona bakoitzak badu bere erantzukizuna eta ardura, baina ardura handiena administrazioari berari dagokio. Helarazten duen mezua ankerra da”. Gainera, iritzi dio ekonomikoki egoera txarrean dagoen pertsona bati errazagoa zaiola bera baino okerrago dagoenari errua botatzea: “Bankariei edo politikariei botatzea baino errazagoa da. Ez da gauza arraroa. Ez dago ondo, baina ez da arraroa”.