Enkarterriko herritarrek 6,3ko puntuazioa eman diote eskualdeari

Enkarterriko bizilagunek 6,3ko puntuazioa eman diote euren eskualdeari, Eusko Jaurlaritzak egindako inkesta batean. Batez besteko puntuazioa da hori. Izan ere, batetik, bikaintzat jo dituzte bertako basoak eta monumentuak; bestetik, gutxiegi nota jarri diote harrobien eta zabortegien inpaktuari.

Inkesta hori landa eta hiriko inguruneari buruzko katalogo bat osatzeko baliatuko du Eusko Jaurlaritzak. Internet bidez, galdetegi bati erantzun diote hamar herritako ehun pertsonak, elkarteek eta turismo, ekonomia, kultur eta kirol arloko agenteek. Gainera, hainbat foro antolatu dituzte Zallan, horien guztien ekarpenak biltzeko.

Gehienen ustez, lehentasuna paisaiak gehiago ez aldatzea da. Horrez gain, “industrializazioaren eta garapen teknologikoaren ondorio negatiboak gutxitu” beharra ere aipatu dute.

Horretaz gainera, naturguneak babestu beharra azpimarratu dute. Armañon, Galdames eta Sopuertako meatzeak eta Zalama parke natural edo biotopo babestu izendatzeko ere eskatu dute. Neurri horrek lehen sektorean eraginik izan ez dezala eskatu dute, bide batez. Hain zuzen, turismoa bultzatu beharraz egin dute berba, betiere nekazaritza eta abeltzaintzari oztoporik jarri gabe. “Espazio babestuak handitu beharrik ez dago: lehendik daudenak zaindu egin behar dira”, zehaztu dute Enkarterriko biztanleek.