Bost eguneko epean hiru eta zortzi minutu arteko euskarazko ikus-entzunezko bat ekoiztea. Hori da urtero-urtero Topaguneak, Kameratoiaren bitartez, Euskal Herriko gazteei egiten dien proposamena. Aurten Gernika-Lumon egin dute ikus-entzunezkoen rallya, kultur etxearekin elkarlanean, eta gazteek ez dute hutsik egin, 18 eta 35 urte arteko 40 lagun inguruk parte hartu baitute, kamerak aldean, VIII. Kameratoian.
Maiatzaren 12tik 17ra bitartean aritu ziren gazteak lanean. Lehiaketaren lehenengo egunean jakinarazi zuten antolatzaileek aurtengo gaia: goitik behera. Horrez gain, bideoak egiteko ezaugarriak ere jaso zituzten parte hartzaileek. Gernika-Lumon izanik, ikus-entzunezkoen rallya, herri horretako ezaugarriekin osatu behar izan dituzte gazteek beren lanak. Hala, Gernikako arbola, Gernika Rugby Taldea, azoka eta Astra izan dira film laburrak jantzi dituzten ezaugarriak, besteak beste.
40 gazte inguru, bost egun eta lana zenbat gura. Erlojuz kontra egindako lanak, ordea, eman du fruitua, sei ikus-entzunezko aurkeztu baitituzte gazteek lehiaketara. Maiatzaren 26an egin zuten lan horien proiekzioa Gernika-Lumon bertan, baita sari banaketa ere.
Sei lan eta hiru sari
Oier Plaza bideogileak, Hibai Castro dokumentalgileak eta Rosa Martin Sabaris EHUko irakasleak osatu dute aurten epaimahaia. Eta ez dute lan erraza izan, Kameratoia antolatzen hasi zirenetik maila urtez urte hobetuz joan dela nabarmendu baitute Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko kideek.
Azkenean, bada, bi eskualdetan geratu dira sariak: Durangaldean eta Busturialdean. Hain zuzen, Zaldibarko Xirimiri taldeak irabazi du lehenengo saria, Ondoezik izeneko lanarengatik. Bigarren saria Gernika-Lumoko M-Taldeak egindako Goitik behera ikus-entzunezkoarentzat izan da, eta hirugarrena Iurretako Koproskilos eta Unai taldearentzat, Zuhaitzaren Eguna filmarengatik. Hurrenez hurren, 1.500 euro, 1.200 euro eta 900 euro irabazi dituzte talde horiek. Euren lanak eta gainontzeko hirurak www.kameratoia.com webgunean ikus daitezke.
Behin aurtengo lehiaketa amaituta, emaitzagaz “pozik” daudela esan dute antolatzaileek. Halaber, Kameratoiaz gain, Lekeitioko Udalaren eta Euskal Zine eta Bideo Bileraren laguntzagaz, Topaguneak Benito Ansola Sariak ere antolatu dituela ekarri dute gogora. Euskal kultura zabaldu eta ikus-entzunezkoen ekoizle gazteei laguntza emateko asmoz, 4.000 euroko bi beka banatuko dituzte aurten lehiaketa horretan.
Parte hartu gura dutenek abuztuaren 29a baino lehen eman behar dute izena. Benito Ansola Sarien inguruko informazio zehatzagoa eta oinarriak ere Kameratoiaren webgunean aurki daitezke.