Hiru urtean beheraka egin ostean, garraio publikoaren erabilerak gora egin zuen 2011n, Bizkaiko Garraio Partzuergoko presidente Mikel Torresek eta bertako zuzendari Vidal Martinezek adierazi dutenez. Hain zuzen, %1,2ko igoera izan du. Bizkaiko garraio publikoak “osasun ona” duela iritzi dio Torresek datu horiek aintzat hartuta.
Urte osoan 173,2 milioi bidaia egin zituzten erabiltzaileek. Joan den martitzenean emandako informazioaren arabera, bidaien erdiak baino gehiago metroz egin ziren. Autobus erabiltzaileek, dena den, %4 egin zuten gora.
Horrela bada, bidaien %64,5 trenean egin ziren iaz. Autobusari dagokionez, %32 egin ziren garraiobide horretan. Bidaiarien %52k metroa aukeratu zuten. Zerbitzuz zerbitzu, bidaien %16 Bizkaibusen egin ziren; %15, Bilbobusen; %6,5, Renfen; %3, EuskoTrenen; %2, Eusko Tranen eta, azkenik, %1, Feven.
Torresen arabera, autobus zerbitzuko bidaiariek gora egin izana Bilboko Metroan deitutako greben ondorio izan da. Izan ere, Bizkaibuseko zerbitzuetan %2,5 egin du gora bidaiarien kopuruak; Bilbobusi dagokionez, %4,5ekoa izan da hazkunde hori. Bilboko Metroko erabiltzaileek ere %1,2 egin zuten gora, Basaurin bi geltoki berri zabaldu ostean.
Barik txartela
Barik txartela hil honetan jarriko dute martxan Bizkaibus autobusetan, partzuergoak berak iragarri duenez. Hala ere, irailera arte ez da erabilgarri egongo Bizkaiko garraio publiko guztietan. Abenduaren 31ra bitartean, gainera, Creditransek ere funtzionatuko du. Datorren urtetik aurrera, baliozko txartel bakarra bihurtuko da Barik. Horri, aldizkako txartela gehituko zaio. Garraio publikoetan ezin izango da beste txartelik erabili.
Uste baino denbora gehiago behar izan du Bizkaiko Foru Aldundiak Barik ezartzeko. Torresen esanetan, txarteletan bidaiak kobratzen dituzten 51 makina gehiago jarri behar dituzte irteera ate bi dituzten hamabost metroko autobusetan. Lan horiek atzeratu dute Barik txartela ezartzea.
Bizkaibuseko erabiltzaileek birritan balioztatu beharko dute bidaia txartela: sartzeko eta irteteko orduan, hain zuzen. Izan ere, bidaia guneen araberako tarifetan ere aldaketak sartu dituzte.
Gaur egun, Bilboko Metroan, Bilbobusen, Euskotrenen eta Eusko Tranen erabiltzen dute gutxi batzuek Barik, zelan funtzionatzen duen eta zer hobe daitekeen aztertu ahal izateko. Hain zuzen, 23.799 Barik txartel daude. Renfe konpainiarekin ere hitzarmena sinatu du aldundiak, “laster” euren lineetan ere erabiltzeko.
Garraio partzuergoko arduradunen esanetan, proba fase horretan “nahiko ondo” ari da funtzionatzen Barik txartela. Erabiltzeko “oso erraza” dela azaldu dute, eta aparatuak ere ondo funtzionatzen ari direla diote.
Barruan txip elektroniko bat duen txartela da. Txartel bakar batean informazio gehiago jasotzeko aukera ematen du. Horrez gain, Creditrans, Gizatrans edo familia ugarien tituluak, prezio murriztuko txartelekin bidaiatzeko izendun agiriak (hilekoa edo gazte txartela) eta sistema horren kide diren operadoreek banatzen dituzten txartelak ere jasotzen ditu. Barik txartelak hiru euro balioko du; izen eta argazkidunak, bost.