Lea-Artibairen etorkizuna: garapen teknologikoa

Lea-Artibain garapen ekonomikoa bultzatzeko asmoz sortu zen Azaro fundazioak hamar urte bete ditu. Balantzea egiteaz gain, etorkizunerako erronkak ezarri ditu, eta, horietako bat, Esperanza 2013 proiektu estrategikoa da: Oinarri teknologikoa edota izaera berritzailea eta kooperatiboa duten enpresa edo jarduera berriak sortzea du helburu, enpresa ehuna sendotu eta eskualdea lehiakorragoa bihurtuz.

Proiektu horren barruan Lea-Artibai Berrikuntza Gunea eraiki zuten. 2010ean zabaldu zuten eskualdeko ikerketa gune eta jarduera ekonomiko berrien bilgune hori. Azaro Fundazioaz gain, Leartiker-Materialeak eta Leartibai Garapen Agentziak dute egoitza bertan. Sortu berri diren enpresentzako haztegia ere han dago.

Lea-Artibai Health Unit ere Azaro fundazioaren plan estrategikoa da. Eskualdean osasun sektorearen jarduera ekonomiko berrien sorrerako eragile bultzatzailea bilakatzea du helburu, eta Lea-Artibaiko enpresen lankide estrategikoa izatea ere badu xede, osasun sektorearen dibertsifikazio eta hazkunde prozesuak garatzeko. Azaro fundazioa eta Leartiker dira plan horretako kide.

Horrez gain, Azaro Fundazioa, Leartibai Garapen Agentzia, Saiolan eta Indar Development erakundeen partaidetzarekin Eraikin deritzon egitasmoa sortu zen. Hainbat lurralderen arteko lankidetza landuz enpresa berritzaileen sorrera bultzatzea du helburu. Eskualde Garapeneko Europako Funtsetik programatutako laguntzen deialdian aukeratutako 38 proiektuetako bat da, gainera.

Azaro fundazioak 183 enpresa eta 436 lanposturen sorreran lagundu duela ekarri dute gogora, hamargarren urteurrenaren harira. Sortutako enpresen artean %20 enpresa berritzaileak dira, eta %16, berriz, kooperatiba ereduko lantokiak.