Durangaldeko enpresa gehienek ez dituzte euren produktuak diseinatzen

Durangaldeko enpresetan, oro har, manufaktura industria da nagusi. Hau da, “materialak beste batzuek diseinatu dituzten produktuetan eraldatzen dituzte”. Hala ondorioztatu du Anton Gorriño Durangaldeko eskualdeko Lehiakortasunerako Poloko koordinatzaileak. Talde horretako kideek Durangaldeko Mankomunitateko lankideekin batera osatu dute industria mapa, eta emaitzak ezagutarazi dituzte.

Helburua, ekoizpen prozesuez haratago, enpresak zenbateraino trebeak diren aztertzea zen. Mapa hori, eskualdeko industria sarearen nondik norakoak jasotzeaz gain, hori eraldatzeko estrategiak diseinatzeko oinarria ere badela azaldu dute.

Manufakturen industria izatearen alde txarrak azaldu ditu Gorriñok: “Beste batzuek diseinatzen dituzten produktuak besterik ez badituzu ekoizten, merkatua menperatzeko aukera txikiagoa da. Izan ere, produktu bat diseinatu eta merkaturatzen duenak —produktua lehiakorra baldin bada— munduko edozein lekutan berau saltzeko aukera askoz handiagoa da, beste batek diseinatutako produktuaren ekoizleak duen aukerarekin alderatuz”.

Bestalde, industria mapak agerian utzi duenez, ibilgailu industriaren sektorea da Durangaldeko ekonomiaren oinarri nagusietako bat —2001ean baino garrantzia handiagoa dauka gaur egun—. Ibilgailu industriaz gain, eskualdean metal eta mekanika-manufaktura teknologia gutxi batzuk ere badaudela azpimarratu du Durangaldeko Lehiakortasunerako Poloak. Izaera tradizionala dute teknologia horiek.

Ekarpenen garrantzia

Hornikuntza harremanak gailentzen zaizkie, gainera, lankidetza-harremanei —%85 dira lehenengoak eta %15 bigarrenak—. Horrek, azterketaren arabera, ezagutza maila txikia helarazten duela iritzi diote.

Hain zuzen, Gorriñoren aburuz, produktuaren garapenean lankidetza txikia dagoela erakusten dute datuok. “Enpresa batek hornitzaile bati esaten dio: ‘Hau planoan jarri dizudan bezala egitea nahi dut’. Hori ez da txarra, baina hobe litzateke prozesuaren zein produktuaren diseinuari dagokionez, lankidetza maila handiagoa egotea”. Haren ustez, iritzia ematen dutenen ekarpenek produktu hobea sortzen lagun dezakete.

Horrez gain, enpresa txiki eta ertainek etorkizunera begira dauzkaten erronka nagusiei dagokienez, bi aipatu ditu: batetik, nazioartera zabaltzea, eta, bestetik, balio erantsi handiagoa duten produktuak edota zerbitzuak garatzea. Durangaldeko enpresen %35ek soilik ekoizten dute euren berezko produktua; hala ere, enpresen %68k planteatzen du nazioartera zabaltzeko asmo hori.

Durangaldeko Lehiakortasunerako Polotik gogora ekarri dutenez, eskualde horretako industria sarea izan da, batik bat, bertako garapen ekonomikoaren sustatzaile nagusietakoa, baita Bizkaikoa ere: Herrialdeko Barne Produktu Gordinari dagokionez, lanean dagoen pertsona bakoitzeko lehenengoa da Bizkaiko zazpi alor funtzionalen artean. Eta hori lortzeko, haren ekoizpen ereduaren eraldaketa progresiboa egin behar izan duela ekarri dute gogora, “gaur eguneko aurrerapen, garapen eta ongizate mailei eusteko”.

Durangaldeko Lehiakortasunerako Poloa Durangaldeko enpresen elkarteak eta Durangaldeko Mankomunitateak bultzatutako ekimena da. Haren helburua da enpresen beharrizanei erantzuna ematea. Horretarako, gaur egun arte estrategikotzat jo ez diren alorrak lantzen dituzte.

Industria mapa eratzeko 80 enpresa aztertu dituzte. Horietako lau (%5) hamar langile baino gutxiagoko enpresak dira; 42 (%52,5), hamar eta 50 langile artekoak; 29 (%36,25), 51 eta 250 behargin artekoak; eta bost (%6,25), 251 langiletik gora dituztenak.