Makina-erremintaren biurteko azoka inauguratuko dute datorren astelehenean, BEC Bilbao Exhibition Centren. Erakustazoka horren azokarik garrantzitsuena da. Aurten, protesta artean hasiko da. Izan ere, bertako langileek, LAB sindikatuak deituta, bost orduko lanuztea egitea erabaki dute batzarrean. BECeko zuzendaritzak ezarri nahi duen soldata murrizketaren aurka egingo dute protesta.
“Batzarrean eztabaida izan dugu zein motatako mobilizazioak egin erabakitzeko. Argi daukagu azokari ez diogula kalterik egin nahi”, adierazi du Imanol Urrutia beharginen ordezkariak.
“Astelehenean hasiko dena gure azokarik garrantzitsuena da”, esan du. “Beraz, ez ditugu mobilizazioak proposatu muntatze lanak egiteko orduan. Hala ere, feria hori aprobetxatu nahi dugu gure protesta kalera ateratzeko. Beraz, lehenengo egunean, agintari guztiak datozenean, atarian egongo gara. Bost orduko lanuztea egingo dugu hilaren 28an. Bost orduz egongo gara atarian protestatzen”, iragarri du. Horrez gain, azoka bukatu arte —ekainaren 2an— bi orduko lanuzteak egingo dituzte, egunero.
%15 murriztu nahi ditu soldatak zuzendaritzak. Langileak ez daude erabaki hori onartzeko prest. Gogora ekarri dute 2010ean %5 jaitsi zizkietela soldatak, eta bi urte daramatela ordainsariak izoztuta. Hori dela eta, bi hilabete daramate protestan beharginek, zuzendaritzak erabakia hartu zuenetik, hain zuzen ere.
Langileek proposamenak aurkeztu arren, zuzendaritzak ez duela negoziatzeko asmorik salatu du Urrutiak. “Akordio bat lortu nahi dugu. Gure soldataren %5 murriztea proposatzen dugu guk. Horrekin batera, baina, lanaldia neurri berean murriztea eskatzen dugu. Hau da, urtean 80 ordu gutxiago lan egitea”.
Imanol Urrutiak gogora ekarri du erakustazokaren egoera “oso txarra” dela. Dena den, adierazi du “dirua sortzeko ohiko enpresa bat ez” dela. “Estatutuetan jasota dago irabazi nahirik gabeko enpresa dela”.
Kudeaketa txarra
Bide horretatik, erakustazoka sortu zutenek berau bultzatu egin behar dela jakin badakitela deritzo. Eusko Jaurlaritzari eta, bereziki, Bizkaiko Foru Aldundiari dei egin die proiektu horretan dirua sar dezaten eskatzeko. “Badakite hau bultzatu egin behar dela”, esan du, eta, “ezin daiteke utzi uzten ari diren bezala, hemen abandonatuta, pentsatuta guztiz autonomoa dela”. Zuzendaritzaren kudeaketa txarra salatu du.
Gogora ekarri du, gainera, badirela beste enpresa publiko asko errentagarriak ez direnak. Haren arabera, “BECen ez, baina beste proiektu batzuetan dirua sartzen dute. Adibidez, AHTean”. Horrez gain, Euskalduna jauregia ere bultzatzen ari direla adierazi du, handitzea egiteko egin duten inbertsioari aipamena eginez. “Handitze horrek guri lehia baino ez digu egiten. Euskalduna jauregiarekin, Bilboko erakusketa azokan guk betetzen genuen lekua bete nahi dute”, adierazi du. “BEC Bilbotik aterata konturatu dira Barakaldon gauzek ez dutela funtzionatzen Bilbon bezala”, ondorioztatu du. “Feria guztiak behera doaz, jendeak feria hiriburuan egotea nahi duelako, eta ez Barakaldon”.