Antzinako xarmadunak

Ibilgailu klasikoak

Plentzia

Ibilgailu klasikoen bosgarren erakusketa eta topaketa egingo dute datorren domekan, Plentzian. Orain artean bezala, Euskal Herriko zein kanpoko ehunka auto eta motozikletak Plentzian bat egitea espero du erakusketa antolatzen duen elkarteak, Plentzia Classic-ek.

Goizean goiz emango diote hasiera topaketari. Hain zuzen, 09:30ean harrera egingo diete parte hartzaileei. Ordu horretan bertan zabalduko dituzte ibilgailu klasikoen erakusketa eta azoka.

12:00etatik 13:00era bitartean, berriz, parte hartzaileek ibilbide bat egingo dute inguruetatik: Ontziola plazatik aterata, Ibiltoki, portua, Kautela eta Sagastioketxe igaroko dituzte herrian. Andraka, Lemoiz, Armintza, Jatabe, Igartua, Butroe, Urduliz, Cuatro Caminos igarota, futbol zelaiko bidegurutzetik itzuliko dira herrira, Ontziola plazan bukatzeko.

13:00ean, ibilgailu klasikoen erakusketa zabalduko dute, eta 15:00etara arte egongo da bisitatzeko aukera. 14:30ean egingo dute sari banaketa: besteak beste, lekurik urrutikoenetik joandako ibilgailuek, ondoena zainduta daudenek eta zaharrenek eskuratuko dute saria.

14:45etatik 15:30etara bitartean, indarrak berreskuratzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Izan ere, antolatzaileek luntxa antolatu dute. 16:00etan emango diote bukaera egunari eta agurtuko dituzte bertaratutako guztiak. Domekako topaketan, 25 urtetik gorako ibilgailuak dituztenek har dezakete parte.

EGITARAUA

09:30. Harrera. Autoen erakusketa eta azoka zabalduko dituzte.

12:00. Ibilbidea.

13:00. Ibilgailuen erakusketa.

14:30. Sari banaketa.

14:45. Luntxa.

16:00. Agurra.