Aspaldikoak dira Karrantza aldean ur zikinekin dituzten arazoak. Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak araztegi berri batekin eman nahi die konponbidea. Aurten, urte bukaeran adjudikatuko dituzte lanak. Datorren urtean hasi nahi dute eraikitzen eta foru administrazioak egindako kalkuluen arabera, lau urte barru prest egotea da asmoa, Ambasaguas izeneko auzoan.
Gaur egun ur zikinen biltoki zahar bat daukate, eta handik ura ibaira isurtzen dute. “Ezin genuen horrela jarraitu”, aitortu du Jose Maria Martin Karrantzako alkateak. Aurreneko urratsean, Ambasaguas, Concha, Callejo eta Tejera auzoetako urak bilduko ditu, eta hurrengo faseetan lotuko dute gainontzeko auzoetako ur zikinen sarea araztegi berriarekin. 8,8 milioi euroko aurrekontua onartu du aldundiak proiektua finantzatu ahal izateko.