Karrantza
IX. Karrantza Harana Mendi Martxa antolatu du biharko izen bereko mendi taldeak. Ibilbide luzeko martxen zirkuituaren barruan egiten da proba hori. Beraz, antolatzaileek azaldu dutenez, ez da lehiaketa bat; mendi zaletasuna sustatzea helburu duen martxa bat da biharkoa, baita Karrantza ibarreko espazio naturalak eta paisajeak ezagutarazteko modu bat ere.
Hiru ibilbide egiteko aukera izango dute zaleek. 41 kilometrokoa izango da ibilbiderik luzeena. 07:30ean jarri diete irtera ordua martxa horretan parte hartzen dutenei.
El Suceso auzotik aterako dira mendizale guztiak. Ordubete lehenago han egon beharko dute aurretiaz izena eman dutenak. Hala ere, posible da egunean bertan aurkeztea. Martxa luzea egiteko hamar orduko muga jarri dute antolatzaileek.
23 kilometroko ibilbidea da egin daitekeen beste bat. 08:30ean aterako dira horiek, aurrekoak bezala, El Suceso auzotik. Martxa hasi baino ordutebete lehenago eman behar dute izena parte hartu nahi dutenek.
Azkenik, hirugarren aukera 12 kilometroko martxa bat da, are laburragoa. Adin guztietako zaleei zabalik dago. 08:30ean eman behar dute izena parte hartu nahi dutenek.
Janaria eta edaria eskuragarri izango dituzte mendizaleek ibilbideko zenbait lekutan. Martxa bukaeran, gainera, parte hartzaile guztiek izango dute jana eta edaria helmuga gunean.
Izena emateko
Ibilbide luzean edo 23 kilmetroko martxan parte hartzeko, izena aurretiaz eman daiteke karrantzamendi.blogspot.com edo zirkuitua.com webguneetan. Posible da bihar bertan ere ibilbidea hasten den tokian aurkeztea eta izena ematea.
Izena bihar ematen dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte. Federatuta dauden zaleek, berriz, hamabi euro. Izena aurretiaz emanez gero, federatuta daudenek hamar euro ordaindu behar dituzte. Gainerako zaleei, berriz, hamabi euro kostatuko zaie.
Karrantza Harana Martxan parte hartzen duten guztiek opari bat jasoko dute, antolatzaileek eurek jakinarazi dutenez.