Hildako emakumearen heriotza azter dezatela

Andereak elkarteak Durangon hilda agertu den emakume gaztearen heriotza iluna azken ondorioetaraino ikertzea eskatzen du. Indarkeria matxistaren aurkako Andereak elkarteak bat egiten du […] Durangon inguruabar arraroan hil zen emakume gaztearen lagun eta senideen saminarekin eta, kasua azken ondorioetaraino ikertzeko egin duten eskabidearekin. Andereak elkarteak komunikabideen bitartez jakin izan du “legez kanpoko atxikipenagatiko” delitua egotzi zaion gazte bat dagoela jazoera honekin lotuta. Elkarte honek gogorazi nahi du emakumeen askatasuna mugatzen duen edozein egintza indarkeria matxista dela eta horrelakotzat hartu behar dela politika arloan zein epailearen aurrean.

Andereak elkarteak gaitzetsi egiten du jazoera tamalgarri hau zein emakumeen kontrako beste edozein indarkeria mota, gutxitu ez eze, etengabea suertatzen dena. Horregatik, behin eta berriro eskatzen die erakundeei eta bereziki Durangoko Udalari arazo honi arreta jartzea eta ahalik eta ahalegin handiena egitea benetako berdintasuna eragozten duten ohiturak eta estereotipoak behingoz baztertzeko. Azken boladan indarkeria eta sexu eraso jazoera gehiegi gertatu dira gure udalerrian eta horrek zerbait txarto egiten ari garela adierazten digu, batez ere hezkuntza esparruan. Andereak elkarteak herritarrei dei egiten die astero Durangoko Andra Marian antolatzen duen agerraldira, emakumeen askatasunaren eta bizitzaren aurkako edozein erasoren aurkako jarrera eta gaitzespena adierazteko. […]

Andereak elkartea. ‘Anboto’.