Dantzak, harremanetarako tresna

Dantzak folklorearen eta tradizioen adierazgarri izan ohi dira. Borrokekin, mitoekin edo erritualekin lotzen dira sarritan. Hala ere, Jon Gaminde Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko koordinatzailearen ustez, gizonak eta emakumeak hartu-emanetan jartzeko bide bat izan dira historian. “Azken finean, jendea zertara joaten zen erromerietan dantza egitera? Beste pertsona batzuekin harremanetan egotera edo ligatzera”, laburbildu du. Sozializaziorako modu bat zirela deritzo.

Bizkaitarrak oso dantza zaleak izan dira beti: hala jaso du Iñaki Irigoien euskal folklorearen ikertzaileak bere lanetan. Haren arabera, herri dantzak, tradizioz, beti egon dira lotuta herrietako bizitza sozialarekin. Hala ere, desberdindu egiten ditu ondo pasatzeko egindako ekitaldiak eta ikur edo pertsonaia garrantzitsuei omenaldi modura egiten zaizkien ekitaldiak. Lehenengoetan, herriko edozein emakumek eta gizonek har dezake parte. Bigarrenetan, ordea, horretarako propio aukeratu eta prestatutako dantzari taldeak hartuko du parte soilik.

Dantzek bizirik iraun dezaten emakumeek izan duten garrantzia aipatu du Gamindek. Hain zuzen, kasu askotan, emakumeei esker iritsi dira gaur egunera. Besteak beste, Franco diktadorearen garaian, dantzak “debekatuta egon zirenean, emakumeei esker” gorde zirela esan du. Bizkaian adierazgarrienak diren dantzak aukeratzeko zailtasunak agertu ditu Gamindek. “Ez nuke bat aipatuko. Asko dira, eta guretzat guztiak dira bereziak”. Hala ere, aitortu du, dantzari dantza deitutakoa jendeari asko gustatzen zaiola. Hona Gamindek Bizkaiko dantza tradizionalen artean egindako aukeraketa bat:

1. Dantzari dantza

Abadiño, Berriz, Garai, Iurreta, Izurtza eta Mañarian egin da tradizioan, eta gaur egun ere egiten dute dantza hori. Zortzi mutilek osatutako taldeak parte hartzen du dantzari dantzan.

Dantza, normalean, gazteen jarduera izan dela gogorarazi du Gamindek. Horren adibidetzat azaldu du Iurretan mutil-plaza erabiltzen zela hori izendatzeko. “Neskatan edo mutiletan ibiltzeko sasoian zeudenei buruz ariko zirela pentsatzen dut”, dio Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko koordinatzaileak. “Jaien testuinguru horretan egiten ziren dantzak”.

Dantzari dantzari dagokionez, bada, mutilen dantza zela nabarmendu du Gamindek. “Herriko mutilen artean, oso trebeak zirenek dantzatzen zuten, gerora euren neska-lagun izango zirenek ikus zitzaten”. Neskek ere mutilei begira egiten den aurreskua badaukatela gogora ekarri du. “Azken finean, ligatzeko joko moduko bat da hori”. Hor nabarmena da, hain zuzen ere, dantzaren funtzio soziala.

2. Andreen sokadantza

Emakumeek egiten dituzten dantzei dagokienez, sokadantza azpimarratu du Gamindek, euren dantza adierazgarriena bezala. Andreen sokadantza eta, bereziki, Garain egiten dutena. “Adineko emakumeek egiten dute han”, azaldu du. Iurretan ere dantza hori berreskuratu dute, eta Bilboko Deustu auzoan ere egiten dute.

Jon Gamindek gogora ekarri duenez, emakumeak beti etxean egon diren ideia zabalduta badago ere, eurak ere parte hartu izan dute jaietan. Egia da, haren esanetan, gizonak beste aritzeko aukerarik ez dutela izan, baina eurak ere jaietan “protagonista” izan direla. “Ezkutatuta ere ez dira egon. Dantzariak izan dira eta jaiaren parte garrantzitsu izan dira”. Hori frogatzen duten datuak, dokumentuak eta argazkiak egon badaude, gainera. Berrizen dagoen baseliza batean, 1955. urte inguruko argazki batean bi emakume dantzan ageri direla ekarri du gogora. “Eta eurena sokadantza zen: gizonak ateratzen zituzten dantzatzera”.

3. Kaxarranka

Errituekin lotutako dantzak ere badaude Bizkaian: kaxarranka edo kutxa lekuz aldatzea, kasurako. Sustraiak Lekeition dauzkan dantza horren errituaren bitartez, arrantzaleen kofradiako agiri eta objektuak kutxaren barruan eramaten ziren kargua utziko zuen maiordomoaren etxetik kargua hartuko zuen maiordomoaren etxeraino. Ekainaren 29an egiten zen dantza, eta halaxe egiten da gaur egun ere, maiordomoa izendatzen duten egun berean, hain zuzen ere. Gaur egun, ostera, antzinako esangura hura galdu du kaxarrankak. Dantza horren ostean, sokadantza egiten dute emakumeek.

4. Beste batzuk

Hiru dantza horiez gain, beste asko eta asko dira Bizkaian egin diren eta gaur ere egiten diren dantzak: Lea eta Artibai ibaietako arroan, Mendexa eta Xemein herrietan, esate baterako, mahaigainekoa deritzon dantzari eutsi diote; Markinan, zaragi dantza egiten dute aratusteetan, eta Gernika-Lumon, sokadantza. Guzti-guztiak aipatu beharrekoak iruditzen zaizkio Gaminderi. Dena den, Bizkaian eta Gipuzkoan sokadantza eta ezpata dantza nagusitu dira.