“Arazo larri bat dugu: herria trenbideak erdibitzen du”

Krisialdia gogor astintzen ari da inguruko herri asko, baina Berangon %8koa da langabezia tasa. Udalerriko biztanle gehienen eta udalaren egoera ekonomikoa “nahiko onargarria” izanda ere, “horrek ez du esan gura ez denik lanik egin behar”, Berangoko alkate Maria Isabel Landaren ustez. Udalaren zorpetzea “oso baxua” dela azpimarratu du alkateak: “2010ean mailegu bat eskatu genuen, baina gure ohiko diru sarrerekin ordain dezakegu. Oso orekatuta gaude”.

Hala, Landak azaldu du udala egoera berrira egokituko dela, baina jarduera ekonomikoa bultzatuz: “Nik uste dut murrizketak beharko direla, baina ez badugu inbertitzen ez dugu aurrera egingo”. Alkatearen irudiko, Berango “aurrera egiteko moduan” dago, baina oztopo bat dago horretarako: “Politika arloan ez gara ados jartzen”.

Izan ere, 2011ko udal hauteskundeek asko zaildu zuten Berangoko Udaleko gobernabidea. Aurreko agintaldietan ez bezala, EAJk zuzentzen duen udal gobernuak ez dauka gehiengoaren babesik udalbatzan. Landak azaldu duenez, horrek baldintzatu egiten du agintaldiko proiekturik garrantzitsuenak onartzea.

Hala ere, hurrengo urteetarako lan ildo nagusiak finkatuta dauzka Berangoko udal gobernuak. Alkateak jakinarazi duenez, agintaldi honetan lehentasuna “gazteentzako etxebizitza eta lana bultzatzea” izango da. Lantzarteko eremuan 80 etxebizitza tasatu egiteko proiektua ipini du Landak horren adibidetzat: haren ustetan, egitasmoak “lehen momentuan etxebizitza ekarriko luke gazteentzat”. Halaber, esan du proiektuak “bi urterako lana” emango lukeela.

Horrez gain, aparkalekuak, berdegune bat eta plaza bat eraikiko lituzkete Lantzarten. Azken puntu horri berebiziko garrantzia eman dio Landak: “Berangon ez dago plaza bakar bat, plaza bat aterpea duena”. Dena den, oposizioko taldeek helegiteak jarri dituzte, proiektuari forma akatsak egotzita. Horrenbestez, geldituta dago Lantzarten etxebizitzak eraikitzeko egitasmoa.

Maiatzaren 3an proiektuaren inguruko informazio batzarra egin zuten Berangon, eta ehun pertsona baino gehiago bertaratu ziren. “Parte hartze prozesua” egin dela azpimarratu du Landak, nahiz eta aitortu duen ez zaiola “herri guztiari galdetu”. Guztira, 130 pertsonak eman dute izena etxebizitza eskuratzeko zerrendan, “denak Berangokoak”. Landaren esanetan, “kontra dauden taldeak oraingoz ez dituzte aintzakotzat hartu gazte horiek”. Adostasun faltaren ondorioz, 2011ko udal aurrekontuak luzatu behar izan dituzte Berangon. Alkatearen ustez, “oso tristea da Bilduk daukan jarrera”. Ez du ulertzen Bilduk PPrekin “bat egitea” udal gobernuaren “kontra agertzeko”.

Bestalde, Lantzarteko proiektuari lotutako hitzarmen bat sinatuta daukate Bizkaiko Foru Aldundiak —azpiegitura erakundeak, zehazki— eta Berangoko Udalak. Landak dioenez, itunaren arabera “udalak lau milioi euro hartuko lituzke inbertsioarekin jarraitzeko” etxebizitzen proiektua gauzatuko balitz. Hona hemen udalak zer egin nahiko lukeen diru horrekin: “Trenbidearen goiko aldea eta beheko aldea lotu”. Izan ere, Berangon “arazo larri bat” dutela uste du Landak: “Trenbideak herria erdibitzen du”. Betearazpen proiektua eginda daukate, eta trenbidea guztiz estaltzea aurreikusi dute bertan. “Dirua baino ez dugu behar”.

Gazte giroaren faltan

Euskarak Berangon duen egoerari dagokionez, “oro har gertatzen dena gertatzen da Berangon ere”, Landak dioenez: “Gurasoek umeekin euskaraz egiten dute, baina, jendea nagusitu ahala, ohitura hori galduz doa”. Herriko gazteek euskaraz “gero eta gehiago” egiten dute, alkatearen iritziz, baina gazteentzako giro gune baten falta sumatzen du Berangon.

Alde horretatik, gazte lokalen araudiari behin-behineko onarpena eman diote udalbatzan. Landak uste du arlo horretan “arazo handirik” ez dagoela Berangon, baina bi lokalek auzokoengan eragindako ezinegona nabarmendu du. Araudiaren bidez ordutegiak eta segurtasun neurriak finkatuko lirateke. “Gernikako arautegian oinarritu gara”. Horrez gain, gaur bertan inauguratuko dute herriko gazte gunea.

Landak azpimarratu du Berango “herri solidarioa” dela. Udalak Tindufeko saharar erbesteratuen kanpalekuan (Aljeria) duela bi urte martxan jarri zuen nagusientzako eguneko zentroaren berri eman du. “Oso harro sentitzen gara horretaz”. Argi dauka elkartasun proiektuetarako emango dutela aurrekontuaren %0,7.

Uribe Kostako udalen mankomunitateko lehendakaria ere bada Landa. “Murrizketa batzuk” egin dituztela aitortu du, “baina kanpainetan, ez zerbitzuetan”. Sopelako Udalari egotzi dio “tokatzen zitzaion dirua” ez jartzea. “Horren ondorioz egin dira murrizketak, eta orain niri leporatu didate murrizketak egin ditudala”. Euskara zerbitzuak duela zenbait hilabete baino langile bat gutxiago duela onartu du, baina “kanporatuta dagoen zerbitzua” dela gaineratu du. “Zerbitzuaren ordutegia murriztu da, eta, horri erantzuteko, enpresak erabaki hori hartu du”.