5.000 dantzari tradizioari osasuntsu eusteko

Bizkaian, 90 talde —beste lauzpabost, federaziotik kanpo— eta 5.000 dantzari inguru daude. Tradizio horren osasun onaren adierazle gisa aurkeztu ditu Jon Gamindek datuok. Haren arabera, hala ere, ezin da gaur egungoa 1970eko edo 1980ko hamarkadetakoekin alderatu. Izan ere, gizartea garatu egin dela deritzo, “ezin diogu eutsi lehen eutsitakoari”.

Francoren diktaduraren sasoian dantza, mendizale eta abesbatza taldeak aldarrikapenerako modu bat zirela ekarri du gogora. Hala ere, taldeok besterik ez zeuden. Gaur egun, bestelakoa da egoera. “Hainbat gauza ditugu, denetarik. Eta eskerrak!”, adierazi du. “Horregatik, baina, ezin dezakegu esan gaizki gaudenik; ezin dezakegu jendea engaina”.

Iurretan, esaterako, dantzari dantza “primeran” gorde dela azaldu du. “Andrazkoen aurreskua, gizonezkoena… dena berpiztu eta indartu da, eta dantzatu egiten da. Ikuslegoaren aldetik ere, jende piloa egoten da”, adierazi du. Hala ere, duela 30 urteko garaiak gogora ekarrita, Bermeoko frontoia gainezka ikusi zuela azaldu du, eta gaineratu orain horrelakorik ez dela gertatzen. “Dena den, nik uste dut, oro har, dantza osasuntsu dagoela”.

Zailtasun nagusi bati egin behar diote aurre taldeek: dantzariei urteetan iraunarazteari, hain zuzen ere. Jon Gaminderen ustez, gainera, aipatzekoa da, era horretako beste taldeetan bezala, dantzariak eta bertan lanean aritzen direnak boluntarioak direla, ez direla profesionalak. “Beraz, meritu handia daukate. Eta gizarteak, oro har, ez ditu dantza taldeak eta dantzak merezi duten neurrian aintzat hartzen”.