1936ko gerrako biktimak omenduko dituzte Zornotza eta Galdakaon

1937ko maiatzak 18 egun zituela sartu ziren tropa frankistak Zornotzan. Hori gogoan, udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Zornoza abesbatzak hainbat ekintza antolatu dituzte gaurko, 75. urteurrenerako. Omenaldia 19:30ean hasiko da. Iaz gerrako biktimen ohorezko oroigarri bat jarri zuten Zelaieta parkean, eta hara joango dira udal agintariak. Gerrako ume izandakoei omenaldia egingo diete. Alaiak abesbatzak eta Udabarri dantza taldeak parte hartuko dute, Etxanoko Andra Mari auzo taldearekin batera.

Udaletxeko plazan, berriz, 22:15ean, Zerutik sua dator dokumentalaren zati bat proiektatuko da: Hiru belaunaldiren emozioak ikus-entzunezkoa. Herri sortzaileek egindako film laburrak biltzen ditu. Zornotzako ikastetxeetan dabiltzan umeek egindako lanak ere erakutsiko dituzte. Mikel Urdangarinek, Zornoza abesbatzak eta Agate Amilibia biolontxelo jotzaileak girotuko dute emanaldia.

Biharkoa bezalako egun batez baina duela 75 urte bonbardatu zuten Galdakao, eta hogei lagun baino gehiago hil. Plazakoetxen omenduko dituzte gaur, 12:00etan egingo den ekitaldi instituzionalean. Bihar, berriz, Elexalde, Olabarri eta Altamira inguruko bunkerrak bisitatuko dituzte, 09:00etan, udaletxetik abiatuta. 13:00etan, biktimen aldeko meza egingo da Elexaldeko elizan. Etzi, 18:00etan, bonbardaketan oinarritutako istorioak antzeztuko dituzte Galdakaoko Gazte Asanbladako kideek, herriko kaleetan.