Txakolina, Santurtziko plazan

Bizkaiko Txakolinaren lehenengo Jaialdia ospatuko dute asteburuan, Santurtzin. Gernika Parkean bilduko dira. Bihar, 12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 22:00etara egongo da zabalik. Domekan, berriz, 12:00etatik 15:00etara zabalduko dute.

Txakolinaz gain, arrain kontserbak dastatzeko aukera ere izango da asteburuko jaialdian. Hain zuzen, ekitaldia Euskal Kostaldeko Kontserbagile Artisauen Elkartea aurkezteko ere aprobetxatuko dute. Kantauri itsasoko hegaluze eta antxoaren marka ziurtagiriak ere plazaratuko dituzte.

Bizkaiko Txakolina sor-marka duten 18 upategi onenek egindako txakolinak dastagai izango dira, bada, asteburuan. Bihar eta etzi goizean txakolinaren dastatze dibulgatzaileak egingo dituzte. Zapatu arratsaldean hasi eta gauera arte, txakolin tragoak eta arrain kontserbez egindako mokadutxoak hartu ahal izango dituzte bertaratzen direnek.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, dastatzeetan parte hartzeko kopak eta txartelak eskuratu behar dira. Parte hartzeko, gainera, izena eman behar da aurretiaz. Goizetako dastatzeak doakoak izan direla jakinarazi dute. Zapatu arratsaldekoan parte hartzeko, ostera, ordaindu egin beharko da.

Jarduera horiek Gernika plazatik haratago zabaltzeko asmoz, herritarrei erosten dituzten kopa eta txartelekin batera, txanpon batzuk emango dizkiete. Maiatzeko gainerako egunetan txanpon horiek jarduerarekin bat egin duten tabernetan aurkeztuta, txakolin kopa bat aterako diete. Bizkaiko txakolina, mesedez! dioen leloa izango dute tabernok.

Bizkaiko Txakolina sor-markaren Kontseilu Arautzaileak Santurtziko Udalaren eta herri horretako Gastronomika elkartearen laguntzarekin antolatutako jaialdia da asteburukoa.

TXAKOLINAREN JAIALDIA

Zer. Bizkaiko Txakolinaren lehen jaialdia.

Non. Santurtziko Gernika parkean egongo dira erakusmahaiak. Hurrengo egunetan herri osora zabaldu nahi da ekimena.

Noiz. Asteburuan, bihar hasi eta igande gauera bitartean.

Ordutegia. Bihar 12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 22:00etara egongo da zabalik Domekan, goizez bakarrik.

Dastatzeak. Bizkaiko Txakolina sor-marka duten 18 upategi garrantzitsuenetako txakolinak eta arrain kontserbak dastatu ahal izango dira.

Prezioa. Zapatu arratsaldeko dastatzerako ordaindu egin beharko da.