Oso gertu zuten Bilbo frankistek, apirilaren amaieraz geroztik. 1936ko urritik iraunkorra izan zen fronte lerroa puskatu ondoren, eta Eibar, Lekeitio, Gernika, Durango eskuraturik, erraza zuten Zornotzan eta Galdakaon barrena aurrera egitea. Euren hegazkineriak zuen erabateko nagusigoarekin, aurrerapen azkarra egin zezaketela zirudien. Baina euskal autonomiaren hiriburua babesten zuen Burdinazko Gerriko ospetsua gainditu arte, oraindik 40 egun luze beharko zituzten.
Akondia, Intxorta eta Oiz mendiak gaindituta, Zornotza eta Galdakaon errepublikanoek eratu zuten gerrikoa zulatzea eta Bilboratzea egun batzuetako lana zirudien Molaren agindutara zeudenentzat. Artilleria eta hegazkineria mailan zuten beraien aldeko desoreka baliaturik, ordura arte egin zutena errepikatuz, berehala gaindituko zuten azken defentsa lerro indartsu hori. Baina Burdinazko Gerrikoa Mungia eta Fika aldetik ahulagoa zelakoan-edo, italiarrek Bermeo aldean egindako aurrerapen xelebrea salbatzearren, gerra Sollubek eta Bizkargik zein Bermeok eta Gernikak mugatzen duen eskualdera eramatea erabaki zuen.
Izan ere, aipaturiko mendiak eta Jata izan ziren maiatzeko bigarren astetik aurrera borrokatoki nagusiak. Hirurak, Burdinazko Gerrikotik kanpo zeuden baina lubakiak eta hala moduzko defentsa lerroak zituzten. Horien tontorrak hartzea, Euzko Gudarosteak zituen artilleria guneak deuseztatzeko eta Burdinazko Gerrikoaren aurrean egundoko tiro talaiak izateko frankisten helburu bihurtu zen, Bermeo hartu ostean. Era berean, faxisten eta brigada nafarren elkargune bihurtu zen herri hori; Sollubetik izan zitezkeen erasoetatik babesteaz gain, Mungian barrena doan Bilboko errepidea menpean izanen zuten.
Orduko lekukotasun guztiek islatzen dituzte mendi gailur horien inguruko gudaldiak. Bertako egunkariek zein kanpokoek gerra artikulu erabat esanguratsuak idatzi zituzten leku ezezagun horri itzelezko ospea emanez. Bat egin zuten irudi eta azalpenetan. Bonben eta leherketen ondorioz, sumendi antzeko baten modura deskribatu zuten Sollube. Frankistek behin eta berriro bonbardatu zutelako, sua hartu zuten maldetako pinudiek, eta, gudarien aldetik egindako etengabeko kontraerasoek sortutako gatazkak infernuarekin parekatu zituzten.
Bizkargiri dagokionez, hainbat milizianoren erretiradak frankisten aurrerakada erraztu bazuen ere, ondorengo egunetan antzeko borrokak errepikatu ziren. Mendi horretako tontorra eta maldak, leherketen eraginez ikaragarrizko zuloz beteta eta desitxuratuak suertatu ziren. George L. Steerrek, alde batetik, eta Garcia Valiñok, frankisten aldetik, bat egin zuten ilargiaren paisaiarekin parekatu zutenean Bizkargik ordutik hartu zuen itxura.
Halaber, The New York Herald Tribune-ko berriemaile James Feniciek haren orrialdeetara eraman zituen pasarte horiek, eta gudarien eginahalak azpimarratu. Baina, martxoaren 31koa, apirilaren 26koa, Sollube eta Bizkargiko gainetan ere errepikatu zen. Frankistek, inpunitate eta askatasun osoz, zeruetan nagusi, tontorretan eta maldetan infernua sorraraziz, euren soldaduen aurrerapenak erabat lagundu zituzten. Gudarien aldetik, adorea, handia izanda ere, ez zen nahikoa izan Europako armada faxistek sortutako elkargoak Bizkaiko frontean erabilitako etengabeko indar erakustaldia gelditzeko. Hala ere, Molak, Francok, Garcia Valiñok, Piazzolik eta Von Richtoffenek amestutako aurrerapen lasterra motelagoa eta zailagoa izan zuten Bizkargin, Solluben eta Jatan izandako gatazkei esker.