Mungia
Hizkuntza baten hiztegia aberasteko, hainbat bide daude. Eskola edo hizkuntz ikastegia dira adibide batzuk, baina ez bakarrak. Mungiako herritarrek, formaltasuna alboratu, eta giro lasaiago batean landu nahi dute euskara. Horretarako, Berba Probak lehiaketa antolatu dute herritar zein elkarteek. Norgehiagokaren helburu nagusia euskara lantzea eta bultzatzea, bertsoetarako zaletasuna sustatzea eta herrien arteko lehia jatorra sortzea da, besteak beste.
Aurtengoa lehiaketa antolatzen duten zazpigarren urtea da, eta Lagune, igerri esakune! leloa aukeratu dute. Nagusiki bailarako herritarrentzat izango den arren, gerturatu nahi duen edonor esku zabalik hartuko dute biharko antolatu dituzten ekitaldi ugarietan.
Norgehiagoka 11:00etan hasiko da. Parte hartzaileak Foruen plazan elkartuko dira, taldeen zozketa egiteko. Hiru kidek osatuko dute, eta herriko tabernetan zehar ibilbide bat bete beharko dute. Kalez kale giroa alaitzen izango dituzte lagun trikitilari eta pandero jotzaileak. Bertsolariak ere ez dira faltako, eta horien bertsoek jarriko dituzte estuasunean lehiakideak.
Taberna bakoitzean, taldeari bertso bana abestuko diete. Ondoren, hirukoteak aurretik emandako zerrenda gogoratu, eta zein esaera zahar dagokion asmatu beharko du. Zuzen erantzuteaz gain, ondo ahoskatu beharko dute. Oker eginez gero, puntua galdu eta beste talde batek izango baitu eskuratzeko aukera. Bazkaldu aurretik epaileek puntuen batuketa egingo dute.
15:00etan, indarberritzeko bazkaria dago. Jendea jaten dabilen bitartean, zozketa egingo da. Saridunak Kafe Antzokian izango den bi lagunentzako afaria eta nahi duen kontzerturako sarrerak irabaziko ditu. Bazkaldu ostean, finala jokatuko dute puntu gehien bildutakoek. Arratsaldeko saioan berbazko ariketak bete beharko dituzte, hala nola esaerak eta bertsoak. Baina, mintzairak ez ezik, kirolak ere edukiko du garrantzia. Izan ere, zaku lasterketan, txapel jaurtiketan eta era horretako probetan parte hartuko baitute. Hori guztia girotzeko ez da faltako musikak dakarren alaitasun haizea.