Bizkaibusek berriz egituratuko ditu 109 lineak, eta 95 utziko ditu

Erabateko berregituraketa bat izango da aurten Bizkaibusen lineetan. Bizkaiko Foru Aldundiak proposamena egin du gaur egun martxan dauden 109 lineak berriz egituratu eta 95 uzteko.

Aurten iraungitzen dira autobus zerbitzuak Bizkaiko sei operadorerekin dituen kontzesio kontratuak; beraz, uda ostean lehiaketa publikora atera behar dituzte berriro. Hori dela eta, aldundiak berriz egituratu du sistema, eta bost aurreproiektu aurkeztu ditu ibilbide berriak osatzeko.

Batetik, sei linea bertan behera uzteko proposamena egin du. Linea batzuen erabiltzaileek nabarmen behera egin dutela eta, linea hauek kentzea proposatu du: A3131, Barakaldo, Sestao eta Repelega batzen dituena; A3621, Bilbo, Basauri eta Galdakao lotzen dituena; eta A3623, Bilbo, Etxebarri eta San Antonio lotzen dituena. Aldundiak iragarri du beste zerbitzu batzuek beteko dutela inguru horietako bidea.

Ez da halakorik gertatuko desagertuko diren beste lineekin: Mespelerreka-Barakaldo, San Juan-Santurtzi, Bilbo-Artxanda eta Bilbo eta Santa Marina ospitalearen arteko tarteetan, hain zuzen. Herri barruko zerbitzuak izanik —ez herri artekoak—, udalek hartu beharko lukete horien ardura.

Beste alde batetik, jaiegunetan ez dute autobus zerbitzurik izango Gernika-Mungia, Mungia-Meñaka-Arrieta eta Bilbo-Laukiz lineetan. Ondarroan, Bermeon eta Gernikan, berriz, hiru ibilbide espres gehiago sortuko dituzte.