Birziklatzea posible dela frogatzeko: ‘Berriziklatu’

Birziklatzearen aldeko kontzientzia sortzeko eta jarduera hori posible dela frogatzeko helburuarekin, Berriziklatu proiektua abian dago Berrizen. Joan den apirilaren 16an jarri zuten martxan. Hondakin organikoak atez ate biltzen dizkiete proiektu aitzindari horretan parte hartzeko izena eman zutenei.

Gaur egun, 60 etxetan ari dira lanean Berriziklatu programarekin. Horrez gain, jatetxe batek eta hiru supermerkatuk ere bat egin dute egitasmo horrekin, Orlan Isoird Berrizko alkateak (EAJ) jakinarazi duenez.

Oinarrian, zabor organikoa jasotzen dute. Hala ere, normalean, edukiontzi berdera botatzen diren gainerako zaborrak ere biltzen dituzte, errefusa esaten zaion atalean: zigarrokinak, konpresak, bizarra kentzeko aitzurrak, fardelak eta zeramika, besteak beste; hain zuzen, gainerako edukiontzietan birzikla ezin daitezkeen zaborrak.

Organikotik eta errefusa deritzon beste horretatik zenbat jasotzen den kalkulatu ondoren, organikoa ez den guztia edukiontzi berdera botatzen dute udaleko beharginek. “Bilketa datuak jasotzeko eta kalkulu ekonomikoak egiteko” egiten dute prozesu hori; “batez ere, balorazio bat egiteko”, argitu du Berrizko alkateak.

Gainera, urte bukaeran datuak aztertu eta balorazio ekonomikoa egiteko asmoa iragarri du. “Ikerketa aitzindari horrekin, ikusiko dugu emaitzak zeintzuk diren eta ea egitasmoa herri osora zabal dezakegun”, adierazi du.

180 kilo zabor organiko

Dena den, uste du aldagai asko kontuan hartu behar direla. Ez du zehaztu zenbat zabor organiko biltzea duten helburu egitasmoa zabaltzea erabakitzeko. Oraingoz, Orlan Isoirdek emandako datuen arabera, “batez beste, 180 kilo zabor organiko eta 18 kilo errefusa” biltzen dituzte egunero boluntario horiengandik.

Hala ere, datu horiek ez dira nahikoa kalkuluak egiteko, alkatearen ustez. Izan ere, Berriziklatu proiektuaren barruan, konposta egiteko planta bat ere eraiki zuten herrian. “Planta hori txikia da, eta, proiektua herri osora zabalduko balitz, gauza asko aztertu beharko genituzke: hori zelan egokitu, zer-nolako inbertsioak egin, bideragarria den ikusi…”, adierazi du. Hori dela eta, “kontzientziazio kanpaina gisa” ikusten du alkateak, oraingoz, egitasmoa. “Sistemak funtzionatzen badu, ikusi egin beharko litzateke zer-nolako bideak jarrai daitezkeen herri osora zabaltzeko. Hala ere, hasi berria da, eta goiz da ezer esateko”, esan du.

Atez atekoarekin loturarik ez

Gipuzkoako zenbait herritan martxan dagoen atez ateko zabor bilketatik bereizi egin nahi izan du Berrizko alkateak herrian abiarazi duten programa hori. “Hemen ez dugu eztabaidatu zein sistema erabili zaborra biltzeko. Honek ez dauka zerikusirik Gipuzkoakoarekin”, argitu nahi izan du, “nahiz eta komunikabide askok horrekin lotu gura izan duten”.

Gainera, adierazi du herritarrak proiektuaren alde azaldu direla. Kontrako iritzirik ez agertzeko arrazoiak ere eman ditu: “Hirurogei etxe ari dira proiektuan parte hartzen, eta herrian sakabanatuta daude. Azken batean, etxebizitza atari bakoitzean ontzi bakarra baino ez dago jasotzeko; bi ataritan baino ez daude proiektuarekin bat egin duten bi etxe; beraz, ontzi bi”. Hori dela eta, alkateak uste du proiektuak ez diela enbarazurik eragiten herritarrei.

Argitu nahi izan du proiektua konpostatzearen aldeko egitasmo bat baino ez dela. Horren harira, ohartarazi du planteatu ere ez dutela egin “beste alorretan bilketa selektiboa egitea”.

Zaborraren bilketa

Astean hiru egunetan biltzen dute udaleko beharginek zabor organikoa eta errefusa: astelehen, asteazken eta ostiraletan, 08:30etik 11:00etara. Proiektuan parte hartzen dutenek ez dute etxean egon behar bilketa egiten den une horretan, Orlan Isoirdek azaldu duenez: “Nahikoa da ontzia atarian uztea”.

Ontziak ibilgailu elektrikoan hustu eta garbitu ostean, udaleko langileak berriz ere uzten ditu atarian. Ibilbide osoa amaituta, Berrizburuko konpostaje plantara eramaten du zaborra. Ontzietan zabor organikoa baino ez dute bota behar proiektuarekin bat egiten duten boluntarioek; errefusa ataleko gainerako hondakinak poltsa batean atera behar dituzte.

Alkateak azaldu duenez, herritarrek bilketa egitera doan udaleko langilearekin berarekin zuzenean hitz egiten dute zalantzak baldin badituzte hondakinak bereizteko orduan edo bestelako alorren bati buruz. Hala eta guztiz ere, asmoa iragarri du aurrerago haiekin batzar batzuk egiteko.