Bilboko haurrak bertso mundura gerturatu eta umeen artean bertsoekiko zaletasuna sortzeko asmoz jaio zen Zortziko Txikia izeneko programa, orain 25 urte. Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eta Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailaren arteko elkarlana eskola gutxi batzuekin hasi bazen ere, erabat egonkortu dela uste du Josu Landeta bertso irakasleak. “Hasieran, Bilboko eskola publikoetan hasi ginen proiektua lantzen, eta apurka-apurka ikastoletara zabaltzen joan gara”. Egun, 32 eskolak eta ikastolak eta 1.000 ikaslek baino gehiagok parte hartzen dute programan.
Hiruzpalau urtetik hona, Zortziko Txikia-ren parte dira Deustuko Salesianos ikastetxeko Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleak. Josu Landeta gidari dutela, ehun neska-mutil inguruk lantzen dute bertsolaritza era arinean. “Guk gauzak transmititzen ditugu, baina modu ludikoan, ez eskolako eguneroko erritmoan”. Eredua erakargarria da haur ugarirentzat, eta asko atsegin dute gainera. “Niri asko gustatzen zait bertsolaritza”, dio Ander Perez bosgarren mailako ikasleak.
Astero ordu bateko saioa izaten dute, eta txandaka antolatzen dira. Aste batean bosgarren mailakoak eta hurrengoan seigarrenekoak egongo dira Landetarekin. Bilintxen Triste bizi naiz eta zein beste hainbat bertsolariren bertso ezagunak kantatuz ikasten dituzte doinuak. “Abestuz doinuak eta neurriak irakasten dizkigu”, azaldu du Itsaso Garcia ikasleak.
Kantatzeaz gain, bertsolari ezagunei buruzko informazioa ematen die. Ondoren, ikasitakoa ondo barneratu duten jakiteko, galderak egiten dizkie irakasleak. Aste honetako pertsonaia Bilintx da, eta haren bizitzari buruzko hainbat pasarte aipatu dituzte umeek: gaztea zela erori eta aurpegian kolpea hartu zuela eta karlistaldian bere etxe ondoan eroritako eskuko bonba batek eragindako oinazeaz hil zela, besteak beste. Irene Diaz ikasleak honela laburbildu du eskolan egindakoa: “Guk abestu eta bertsolaritzako gauzak ikasten ditugu. Adibidez: bertso bat nola egiten den eta nor zen Bilintx”.
Doinuez, neurriez, oinez eta gainerako elementuez gain, bertsolariak plazan nola jardun behar duen ere esaten die Landetak. Izan ere, garrantzitsua da zelan lan egin behar den jakitea. Oholtza gainean baleude bezala kantatzen dituzte eurek sortutako bertsoak klaseko aurreko aldean. Zenbait haurren aurpegian urduritasuna antzematen da. Baina lasai asko kantatzen duenik ere bada.
Haurren artean zaletasuna sortzeko ez ezik, euskaraz trebatzeko ere balio du programak. Landetak B eta D ereduko umeekin lan egiten du. Euskara hutsez ikasten dutenek erraztasun handiagoa dutela nabari du. Hala ere, ikasleen motibazioa aipagarria da. “Jendea aktibatuta ikustea oso emankorra da, asko pozten nau”, adierazi du irakasleak. Iker Mayo ikaslearentzat ere garrantzitsua da egitasmoa: “Niri bertsolaritza gustatzen zait. Euskara ikasteko eta hobetzeko balio digu. Horrez gain, bertsoak egiten ikasten dugu”.
Ikasgelan landutakoa zapatuetan Bizkaia Irratiak aireratzen duen Zortziko Txikia irratsaioan erakusten dute. Astero eskola batek izaten du ordu erdiko saioaren ardura. Ikasturte amaieran Bilborocken egiten den topaketan ere egongo da euron bertsoak entzuteko aukera. Txotxongiloekin muntaketa bat osatzen dute, eta bertsoak abesten dituzte. Euskararen astean eta beste hainbat jaitan ere parte hartzen dute.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak zein Euskal Herrikoak egitasmo asko dituzte. Bertso eskola edo bat-bateko taldeen helburua da harrobi gisa jardutea. Eskola arautuei dagokie umeak zaletu eta bertsolaritza mundura erakartzea. Horrek bertso saio zein txapelketak jarraitzera eramango baititu gazteak. Era berean, eskoletan hasitako lana bertsolari, gai-jartzaile edo epaile izateko bidea ere bada. “Guk, nolabait, gorago joateko zubia izan behar dugu”, laburbildu du Landetak.