Baserritarren eguna ospatuko dute hainbat herritan

San Isidro eguna, baserritarren eguna, ospatuko dute hainbat herritan datozen egunetan. Derion egitarau zabala prestatu dute gaurtik martitzenera arte. Gaur, pregoiaren ostean, The Lasai, Ze Esatek eta Gora Herria taldeen kontzertuak izango dira, txosnen gunean. Bihar, sukalkia egingo dute 11:30etik aurrera. 14:00etan izango da bazkaria. 12:00etan, bestalde, umeentzako jolasak egongo dira. 18:00etako euskal dantza saioaren ostean, pintxo poteoa egingo dute herriko tabernetatik. 23:30ean, Desenkanto, Obrint Pass eta Trikizio taldeen kontzertuak izango dira.

Domeka goizean, Elikagaien eta Eskulan Tailerren XVII. Azoka izango da. Horrez gain, artzain txakurren erakusketa eta lehiaketa, eta umeentzako jolasak egongo dira, besteak beste.

Bestalde, Getxon, Malakaten, gaur botako dute txupina, 17:30ean. Haurrentzako erromeria eta txokolate jana, grafiti erakusketa eta mus txapelketa izango dira ostean. 21:00etan, aparkalekuan, Egurra eta Kitto taldeen kontzertuak izango dira.

Bihar, haurrentzako puzgarriak izango dira 12:00etan. 15:00etan, bertso bazkaria egingo dute, eta, 19:00etan, triki poteoa. 23:00etan, Onartz taldeak erromeria eskainiko du.

Domekan, feria izango dute 10:00etan hasita. 13:30ean, herri kiroletan eta sokatira txapelketan lehiatuko dira. Astelehenean, pailazoak izango dira 18:00etan, eta, 20:00etan, bertako taldeen kontzertuak.

Zeanurin ere gaur hasiko dira ospakizunetan. 19:30ean, herriko dantzarien dantza saioa izango da Ibarretako frontoian. 20:00etarako kantu poteoa antolatu dute herriko tabernetatik. 21:30ean, kantu afaria egingo dute frontoian, Bentazaharreko Mutiko Alaiak seikotearekin.

Domekan, 10:00etan, Abere, Artisau eta Nekazari Produktuen 31. Azoka hasiko dute. 12:30ean, Arrikibar dantza taldearen ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. 13:00etan, ganaduen sari banaketa egingo dute, eta, 18:00etarako, idi-probak antolatu dituzte.

Larrabetzun, martitzenean bazkari batekin ospatuko dute San Isidro eguna. Gaur da hartarako izena emateko azken eguna. Besteak beste, Bermeon, Galdamesen eta Forun ere ospatuko dute baserritarren eguna.