Arratia ibarrari aspalditik datorkio bertso eta kanturako zaletasuna. Makina bat erromeria eta bazkaloste alaitu dira kopla zein abestien doinuekin. Eta altxor hori ezagutarazteko zein hedatzeko asmoz, Arratia aldeko kanta eta bertso zaharrak izeneko liburua argitaratu du Zertu kultur elkarteak, Arratiako Musika Eskolaren babesarekin. Guztira, 1.500 ale banatuko dituzte, doan.
Liburuak bi iturri izan ditu nagusiki. Batetik, Musika Eskolaren 25. urtemugaren ospakizuna biribildu nahi izan dute. Bestetik, Ruper Lekuek eta Gontzal Mendibilek urteetan egindako lana batu. “Victor Dominguez musika irakaslea eta Ruper Lekue etorri ziren ideiarekin. Hainbat bilera egin ondoren, Zertu kultur elkarteak argitaratuko zuela erabaki genuen”, azaldu du Iñigo Iruarrizaga Begitu hamabostekariko kudeatzaileak.
Arratia aldeko kanta eta bertso zaharrak bi atal nagusitan banatuta dago. Aurreneko 30 orrialdeetan, musika eskolaren 25 urteak laburbiltzen dira. “Iban Gortazar eta Naia Rodriguez musikariak eskolarekin harremana izan duten pertsonekin bildu dira, eta argazki batzuekin hornitu dute historia”. Bigarren atalean, Ruper Lekue igorreztarrak eta Gontzal Mendibil zeanuriztarrak orain 30 urte jaso eta grabatutako abestien hitzak ikus daitezke. “Lekue Arratiako baserrietan ibili zen, eta aiton-amonek kantatutako abestiak bildu zituen. Orain, kantu horiek paperera pasa dituzte”, zehaztu du Iruarrizagak. Guztira, 62 kanta ingururen hitzak ageri dira, batzuk partitura eta guzti.
Aurkezpen ekitaldia
Joan den zapatuan, Igorreko Lasarte aretoan aurkeztu zuten liburua. Iker Allur, Argi Zameza eta Gontzal Mendibil musikariek parte hartu zuten ekitaldian. Trikiti, danbolin, gitarra eta bateriarekin batera abestu zuen Mendibilek. Zeanuriztarra ez zen izan oholtzara igo zen bakarra; Arteagako eskolako ume eta gurasoak ere bertan egon baitziren. Lekuek bertso eta kantu bakoitzaren atzean dagoen istorioa kontatu zien entzuleei.