Urteurren berezia izango dute gogoan gaur iluntzean Mungian. Berezia bai, baina ez ospatzeko modukoa. Izan ere, bariku honetan 37 urte bete dira Mungia Bilborekin lotzen zuen tren zerbitzua bertan behera utzi zutenetik. Butroi Bizirik elkarteak martxa bat antolatu du Mungialderako trena berriro jar dezatela eskatzeko.
Arrazoi bat baino gehiago eman ditu Jose Ramon Fanok, elkarteko idazkariak, tren zerbitzua berriz ezartzeko. Historiari heldu dio lehenik eta behin: “Mungian 81 urtean trena izan dugu, 1894tik 1975era bitartean. Maiatzaren 11n kendu ziguten trena, Francoren garaian”.
Hala ere, trena eskatzeko arrazoi garrantzitsuena soziala dela azaldu du. Hain zuzen, Fanoren esanetan, “17.000 biztanle baino gehiago izanik, hiriburuarekin lotzen duen tren zerbitzua ez daukan EAEko herri bakarra da gurea”. Gabezia horrek Mungian hainbat arazo sorrarazten dituela adierazi du, herri barruan auto kopuru handien eta autobusen joan-etorriak sufritu behar dituztelako. Ondorioz, “aparkaleku gehiagoren premia dago, auto ilarak sortzen dira…”.
Alor ekonomikoa ere kontuan hartu beharrekoa dela deritzo. “Autobusa da daukagun garraio publiko bakarra”, gogorarazi du Fanok, eta haren gabeziak azaleratu ditu: “Bidaiak egiteko behar duen denbora, zain egon behar duzun denbora, gauetan ez dago zerbitzurik…”. Beraz, herritar askok norbere autoa erabiltzeko erabakia hartu behar duela esan du. Haren arabera, kontuan hartu behar da “familietan horrek eragiten duen gastua”.
Ingurumena da kontuan hartzeko beste arrazoietako bat, Butroi Bizirik elkartearen ustez. Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuetan oinarrituta, Mungiatik egunero 30.000 ibilgailu pasatzen direla dioen azterketa bat dauka elkarteak. Jose Ramon Fanok azaldu du ibilgailu horiek karbono dioxido kopuru handia isurtzen dutela. “Tren zerbitzuarekin ibilgailu kopuru hori asko murriztuko litzateke. Beraz, ingurumenaren aurkako eragina ere gutxitu egingo litzateke”.
Azkenik, alde estrategikoari heldu dio Butroi Bizirik elkarteko idazkariak. “Izan ere, Bilbo Loiuko aireportuarekin lotuko duen metroaren zati berriaren tunelaren alde bat eraikitzen ari dira gaur egun. Aipatzekoa da lerro zuzenean Mungiatik Loiura zazpi kilometro baino ez daudela”. Mungiako Udalak, gainera, Butroi Bizirik elkarteak hala eskatuta, Loiu eta Mungia lotuko lituzkeen lineari buruzko proiektua eskatu zion ingeniaritza enpresa bati. “Aurreproiektua egon badago”, esan du Fanok. “Hala ere, teknikoki bideragarria dela baino ez du frogatzen horrek”, zehaztu du.
Butroi Bizirik elkarteak mugikortasun azterketa bat ere egin du. Horren arabera, urtean 13 milioi erabiltzaile inguru izango lituzke trenak —Mungian dabiltzan ibilgailuak eta Bizkaibus zerbitzuaren erabiltzaileak zenbatuta egin dute kalkulua—.
Mozioak udaletan
Datozen asteetan mozio bat aurkeztuko dute Mungia, Gatika, Gamiz-Fika, Jatabe, Arrieta eta Fruizko udaletan. Horien bidez trena berriz jartzeko eskaera egingo diote Eusko Jaurlaritzari. Horrez gain, aldundiaren datuak oinarri hartuta egindako mugikortasun plana hartu eta trena eskatzeko arrazoiak jasoko dituen txosten bat eratu gura dute, Jaurlaritzari batzar batean aurkezteko.
Bestalde, Fanok jakinarazi du Bizkaiko Batzar Nagusietan Bildu koalizioarekin eta PP alderdiarekin harremanetan daudela. Aldundiari bideragarritasun azterketa serio bat eska diezaioten nahi du elkarteak; baita Jaurlaritzari helarazi ahal izateko agiriak osatzea ere.
Mungian jakin badakite ez dagoela tren linea aurki berreskuratzeko aukerarik. Hala ere, aireporturako konexio linearen proiektuaren barruan Mungiara arteko jarraipena aurreikustea nahi dute Butroi Bizirik elkartekoek. “Bi urte barru ez bada izango, bost edo sei urteren buruan izan dadila, baina proiektuan jaso dezatela nahi dugu”.
Zerbitzua kendu izana kolpe gogorra izan zen erabiltzaileentzat. Jose Ramon Fano bera haietako bat zen. Trenaren erabiltzaileak denetarikoak zirela ekarri du gogora: Mungiako industrialdeetako beharginak, ikasleak, baserritarrak… Gaur 19:00etatik aurrera eskatuko dute zerbitzua berrezar dezaten. Bizkaia taberna dagoen biribilgunean batuko dira: antzina geltokia zegoen lekuan.