‘On line’ eta aurrez aurre

Etorkizunaren izenean hitz egiten didatenean, gutxienez, pare bat emozio kontrajarri sortzen zaizkit, bakoitzari dagokion ondorengo hausnarketa banarekin. Batetik, pentsatzen dut “zer ote daki honek biharkoaz edo etzikoaz gaurko une hau baino ez baitugu ezagutzen, eta hori berori ere, askotan, iragan ondoren baino ez”. Beste ahotsak, ostera, erne ibiltzeko aholkatzen dit, denei adi entzuteko, norberaren ustean ixtea ere ez delako lar komeni.

Esan bezala, susmoen ondorengo burutazioek laguntzen didate lehen bihozkaden osteko esanahia apur bat argitzen. Hala, bada, egia da, orain aldian atzemateko gai garen joera nagusiek marka dezaketela etorkizun hurbila. Adibidez, ezin uka teknologia berriei esker munduak txiribuelta eta erdi eman duela azken hamarkada luze edo hogeikada laburrean. Lau hamarkadatik gorakoontzat, jada, ezer ez da guk ezagutu genuen modukoa, ia ezer ez da erakutsi ziguten edo ikasi genuen bezalakoa. Sareak edo Internetek gure ohiko lurra irauli du, eta egunerokotasunaren oinarriak aldaraztera garamatza, tik-tak, tik-tak, etenik gabe. Unean bertan han eta hemen egon gaitezken sentsazioak jainkoen pare sentiarazten gaitu. “Txinatarrekin hitz egin dut”, “estatubatuarrekin egon naiz”, “australiar bat ezagutu dut”; halakoak entzutea bi mila eta hamabigarren urteko maiatzaren lauan gaudela esatea bezain ziurra da, dagoeneko. Munduaren beste puntako bat eta ni konektaturik gaude, orain eta hemen eta, bitartean, beste ehunekin ere egon naiteke, zerbait eskatu edo eskaintzeko, edota alderantziz.

Bai, adituen arabera, on line-a da apustu zuzena etorkizunerako. Hortik ei dator negozioa, hortik ei dator harremana, hortik ei dator biharko eta etziko bizi-iturria.

Eta, agian, bai, beharbada, halaxe izango da, gaurko joerek horretarantz sakatzen gaituztelako. Eta, bai, joera nagusi horietara egokitu beharko ditut ikasi eta bizi izandakoak, nahiz eta horietako gauza askok euren sistema propioa behar, bizirik irauteko.

Izan ere, zelan egokitu norbait aurrez aurre dudanean, eman eta jasotzen dudan begiradaren di-da labur baina indartsua? Zelan egokitu hitz baten, doinu baten, irribarre baten, isilune baten eta hots bitxi edo arrunta baten oihartzuna, nire eta aurrez aurre dudan horren artean une labur, iragankor baina errepikaezin honetan sortua izan dena? Zelan egokitu hori guztia sarera, internetera, online-ra?

Bai, agian, joera nagusiek horretarantz garamatzate, baina joera nagusiak joera txikien senideak ere badira, eta nik uste dut batak ez duela bestea kentzen, eta, ondorioz, presentzia birtuala bezain futurista dela aurrez aurrekoa, une honetan bertan ere milioika lagun dagoelako sarera konektatutik, baina beste milioika elkarri begira, elkar usaintzen, elkar ukitzen, elkarri aditzen, elkarri, isil-isilean, hemen gaude, banaiz, bagara esaten.

Ala, ez?