Eskultore gaztea da Egoitz Iñurreta gipuzkoarra. 28 urte baino ez ditu, eta bere garaiko ikuspegiarekin lantzen ditu aurreko bi belaunaldietako zizelkariek garatu zituzten kontzeptuak, metodoak zein gurari artistikoak.
Azpiegitura izeneko lana du erakusgai Zugaztietako eskultura parkean. Tamaina handiko artelana da, hainbat piezaz osatutakoa. Eraikitze prozesuan, lau milimetroko burdinazko xaflak erabili ditu Iñurretak.
Guillermo Olmok Amezketan duen tailerrean osatu du obra. “Hiru hilabete pasatxo eman ditut lanean”. Denera, hemeretzi atalek osatzen dute lana: hamabost pieza soil, eta bi zatitan banatutako bi zutabe. Artistaren sormenetik jaiotako forma eman ahal izateko, parkean bertan soldatu behar izan dituzte piezak. Elorrietak berak zuzendu ditu eskultura osatzeko lanak, langileei piezen kokapen zehatzak zein izan behar zuen azalduz.
Bi une lotuz
Meatzaritzarekin eta ingurunearekin lotura handia dauka eskulturarekin irudikatu nahi duen kontzeptuak. Bi une kronologikoren arteko zubi bat eraikitzen du, Iñurretak azaldu duenez: “Lehenengoa, hemen meatzaritza bere punturik altuenean zegoeneko unea da, meatzaritzaren inguruan azpiegitura asko zegoenekoa. Bigarrena litzateke, etorkizun urrun bat, meatzaritzaren arrastorik izango ez duena”.
Eskultura bi une horien tarteko denboran kokatzen da, meatzaritzaren gainbeheraren momentuan, alegia: “Azpiegitura handiak egon ziren, eta, gaur egun, badaude, baina erortzen ari dira. Horregatik haren erortzeko zori hori, tartean dagoelako: erortzen ari da, erori egingo da, baina oraindik ez da erori”.
Iñurretaren ustez, inguruan dauden koloreek deigarriago egiten dituzte artelanak. “Kontraste bat sortzen da naturaren eta burdinaren kolorearen artean”. Zizelkariak dioenez, Zugaztietaren historiaren eta Meatzaldea Goikoan dauden eskulturen artean “lotura bat dago”.