Bilbo
Hau Pittu Hau eguna ospatuko du bihar Bilbon, euskara bultzatzea helburu duen konpartsak, 25 urte euskarari bedar txarrak kentzen lelopean. Izan ere, 25 urte bete dira konpartsa sortu zutenetik. Urteurren biribil hori ospatzeko, hainbat ekitaldi prestatu dituzte.
Biharko egun handia baino lehen, ordea, aldarrikapen eguna izango dute gaurkoa. 18:00etarako, esaterako, Euskaraz Bizi-kleta martxa antolatu dute. Arriagatik aterako dira. Bizikletaz gain, euskararen aldeko banderola, kartelak edo kamisetak eramateko eskaera egin du konpartsak. Bilboko bidegorrietatik ibiliko dira.
Garagardozaleentzat
11:30ean hasiko dituzte Hau Pittu Hau eguneko ekitaldiak. Zazpikaleetan triki kalejirarekin hasiko dituzte ospakizunak. Ondoren, garagardoa gustuko dutenek saio berezia izango dute. Izan ere, garagardo adituen dastatzea eta lehiaketa egingo dituzte. Hainbat garagardo mota bereizteko abilezia erakutsi beharko dute parte hartzen dutenek.
Umeek ere izango dute euren txokoa. Origamia tailerra antolatu dute eurentzat, 7 Katu gaztetxean. Gero, guztiek batera ongietorria egingo diote Hau Pittu Hauko barraskiloari.
15:00etan, guztiak elkartuko dituen bazkaria izango da, gaztetxean bertan. Otordura joan gura duenak izena eman behar du aurretik: haupittuhau@haupittuhau.org helbidera idatzita edo 644- 20 51 12 telefonora deituta.
Iluntzerako, Hau Pittu Hau Hop! ekitaldia prestatu dute. 20:30ean hasiko da Oihana Bartra eta Gorka Ostolaza Potxis bertsolarien saioa, 7 Katu gaztetxean. Endika 121en laguntza ere izango dute bi bertsolariok.
Abesti berriaren aurkezpena
Bertso saio berezi hori bukatu ostean, Hau Pittu Hau konpartsaren kanta berria aurkeztuko dute. Urteurreneko ospakizunak amaitzeko, Endika 121ek jarritako musikak alaituko die jai giroa bildutakoei .
Konpartsak egun berezi horretan eta handik aurrera ere helburu bat ezarri du: Euskarari belar txarrak kentzen jarraitzea.