Plaza, eskola eta herria zeharkatzen duen errepidea ikusten ditu Aitor Apraizek (Bakio, 1969) Bakioko udaletxeko balkoitik begiratuz gero. Alkate begiradarekin, ordea, “momentu latza bizi duen herri eder, erakargarri eta freskoa” dauka parez-pare. Izan ere, Bakiok udal finantzazioan arazoak ditu. “Desoreka sortu dugu gure kontuetan eta horrek larritasunak sortu dizkigu”, aitortu du. Hala, herriaren premia nagusia “oreka” lortzea dela iruditzen zaio, “eta hortik aurrera herritarren ongizateari eta bizi kalitateari eutsi”.
Bakio udatiarrez betetzen da ekainetik irailera bitartean. 2.500 herritar inguru daude erroldan izena emanda, baina opor sasoian 14.000 ingurura iristen dira. “Aldea sekulakoa da. Baina udan etortzen diren guztiei ere zerbitzuak bermatu behar dizkiegu, azpiegiturak eskaini. Horrek egundoko desoreka sortzen du, urte osoan zergak gutxi batzuek ordaintzen baitituzte. Onurak, ordea, denentzat dira. Lanean ibili gara desoreka hori leuntzeko, baina krisi garaietan are gehiago igartzen da”.
Konponbidea erroldan izena emanda dauden herritarren zenbatekoa handitzea dela uste du Apraizek. Baita bere aurretik alkate izandakoek ere. Horretarako hainbat egitasmo jarri zituzten martxan, herritar berriak erakarriko zituztelakoan. Besteak beste, udal kiroldegia. Bost urtez egon da irekita, baina pasa den udazkenean ateak itxi behar izan zituen. “Udal kontuetan genituen desoreken artean beste bat zen. Eraikin handia zen, dotorea, mantentze gastu handikoa. Baina azkenean guk ez genuen ordaintzeko dirurik. Ezin genion kudeatzen zuen enpresari ordaindu, eta eurak ere larri ibili ziren”, gogoratu du. Orain berriz irekitzea dute gogoan.
Apraizek onartzen du gaur egunetik begiratuta “agian” ez zela proiekturik, edo gutxienez garairik “aproposena”. Hala ere, beste egoera eta sasoi baterako pentsatu zela ohartarazi nahi izan du. “Ordurako nik egoki ikusten dut. Apustu interesgarria zen. Jendea Bakion erroldatzea nahi zen eta behar dituzten azpiegiturak eskaini behar zitzaizkion”.
Horrekin batera, beste asmo batzuk ere izan ziren. Hainbat txalet, golf zelaia eta beste hainbat kontu eraiki nahi izan zituen orduko udalak. Proiektuaren aurkako herritarrek herritarren interesak barik udatiarrenak lehenestea eta Gaztelugatxeko biotopoa arriskuan jartzea leporatu zioten orduko alkate Txomin Renteriari. Hainbat etxe eraiki ziren arren, proiektua apaldu egin zen. Apraizek dio gaur egun giroa bestelakoa dela. “Bakio eta kostaldeko beste herriak azken urteetan asko hazi dira. Aldaketa horien beldur diren herritarrak beti egongo dira. Proiektuaren aurka agertu ziren horiek segurtasun eza eta beldurra sentitzen dute aldaketen aurrean. Aldaketen martxa baretu da, baina berriz ere azkartzen direnean berriro ere agertuko dira. Bizitzan bertan ere halako jarrerak izaten dituzte batzuek aldaketen aurrean”.
Apraizek uste du proiektu horri konponbide bat eman beharko litzaiokeela, eta ez du uste ingurumenari kalterik egingo zitzaiokeenik burura eraman izan balitz. “Bakion ugari dugu inguru naturala eta zaindu egiten dugu. Gurean ez da beste herri batzuetan bezala industrigunea edo portua eraikitzeko hektarea piloa urbanizatu. Alde horretatik Bakion oso ondo gaude. Biotopoa hor dagoela? Bai, baina ezin du izan aurrera ez egiteko aitzakia. Hala ere, horrek ez du esan nahi orain edozer egin daitekeenik, e? Neurri eta muga batzuk errespetatu behar dira, eta biotopoa ez du inork ukituko. Kontu horretan interes asko nahastu dira, baina ondo dago jendeak gustuko ez duena esatea eta iritzia agertzea. Horri esker erabakiak hartzerakoan sentsibilitate gehiago hartuko ditugu kontutan”.
Turismo eredu berriak
Bakioko ekonomiaren motorra turismoa da. Hala ere, jorratzeko asko dutela iruditzen zaio Apraizi. “Askoren bigarren bizilekua da Bakio, baina hori ez da guk nahi dugun turismo eredua. Beste era batera ulertzen dugu turismoa. Lo egiteko eskaintza berriak eskaini behar ditugu. Ez bakarrik hotel eta landetxeetan, baita kanpin eta etxoletan”. Bizkaiko hondartzarik handiena da Bakiokoa, surfari esker ezaguna. “Gaur egun gure kirola da, eguneroko ohitura bihurtu dugu. Iritsi zenean arrotz modura ikusi genuen, baina asmatu dugu geureganatzen. Herriko surf taldeek lan asko egin dute eta indar handia daukate. Baita gazteen arteko harremanetan ere. Ditugun baliabideekin atzerritarrak surfean aritzera ekarri behar ditugu”.
Txakolinagatik ere ezaguna da Bakio. Hala ere, Apraizek argi utzi nahi izan du herriko ekoizpen maila ezin dela alderatu beste ardo batzuek dutenarekin. “Gurea industria txikia da; esanguratsua, baina txikia. Txakolin ekoizleak momentu onean daude. Geroz eta uzta hobeak eta kalitate hobekoak dituzte. Gure egitekoa da maila horri eutsi diezaioten laguntzea”. Herriaren ondare enologiko hori ezagutzera emateko, Txakolinaren Museoa sortzea bururatu zitzaien. Diru faltagatik asko moteldu da eraikitze erritmoa. “Eraikina prest dago. Turismo bulegoa bertan dugu, eta enpresentzako gelak ere erabilgarri daude. Hala ere, ondo bidean, museoa bera datorren urte hasieran jarriko dugu martxan”.
Aurreneko agintaldia du Apraizek honakoa. Aurretik ez zuen politikarekin hartu-eman zuzenik, enpresa munduko gizona baita. Hasieran zorabioa sentitu bazuen ere, gaur egun argi dauka lau urteak igarota zelango herria ikusi nahi duen: “Bakio orekatuagoa utzi gura nuke”.