Lea eta Artibai ibaiak Kontserbazioko Gune Berezi izendatzeko eskaria egin du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak. Izendapen hori eskuratuz gero, Lea eta Artibai ibaien zaintza bermatuko duten neurriak martxan jarriko dituzte. Ingurumenaren babesa bermatuko duen izendapena ezartzeko, aurretik, Natura 2000 sarearen barruan, bi ibaiak Interes Bereziko Gune gisa izendatu zituzten. Horren ostean, Europako Batzordeak Kontserbazioko Gune Berezi izendatzeko betebeharrei ekin zitzaien. Bi urteko lanaren emaitza ikusteko zorian daude: Oizen jaiotzen diren ibaiok izendapena eskuratuko dute laster.
Izendapen horrekin, guztira 200 hektareako lur eremua babestuko da. Bi ibaien babes izendapena eskuratzeko, ibaien habitataren, floraren eta faunaren funtzionaltasuna mantentzeko ekintzak proposatu ditu Eusko Jaurlaritzak. Ekintzen zerrenda partaidetza prozesu luze baten ostean osatu dute.
Lea ibaiaren kasuan, zaindu beharreko bost elementu azpimarratu dituzte izendapena eskuratzeko osatutako txostenean. Faunari dagokionez, arrain hazkuntza guztia babestea aurreikusi arren, izokin arruntari aipamen berezia egin diote. Horrez gain, desagertzeko arriskuan dagoen bisoi europarra babesteko beharraz ere mintzo dira aurkeztutako dokumentuan. Florari dagokionez, haltzadiek eta lizardiek zaintza berezia jasoko dutela nabarmendu dute, baita ibaiaren estuarioak ere.
Bost elementu horiek babesteko, martxan jarri beharreko hainbat neurri zehaztu dituzte. Horien artean daude, besteak beste, ondorengoak: landare exotikoen deuseztapena, ur ertzeko landaretzaren mantentze eta hobekuntza lanak, boluntario eta lursailen jabeen arteko akordioak ezartzea eta ur-jauzi edota presen moduko oztopoen deuseztatzea.
Artibaiko estuarioari babesa
Artibai ibaiaren kasuan, garrantzi berezia eman gura izan diote hirigintzaren ondorioz kaltetutako estuarioaren zaintzari. Horretarako, Learen kasuan bezala, haltzadien eta lizardien, faunaren eta ibaiaren ibilbide ekologikoaren zaintza egitea proposatu dute. Horretarako, arreta berezia ezarriko zaie bisoi europarrari eta bertoko karramarro, loinari, ur zozoari eta martin arrantzaleari. Azken biak ibaiaren egoera ekologikoaren adierazgarri dira.
Artibai ibaiaren hobekuntzarako, sei helburu nagusi ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Horiek lortzeko, ibai ibilgua berreskuratzeko neurriak aztertu dituzte. Errepide eta zubien eraikuntzak, ur bazterren zaintzarik eza eta flora inbaditzaileek sortutako kaltea ez ezik, errekaren ibilgu osoan faunaren iraupenerako oztopo bilakatu diren hamalau gune identifikatu dituzte.
Leako paduran, gainera, izendapena eskuratzeko txostenean behin eta berriz aipatutako Baccharis halimifolia landare inbaditzailea desagerrarazteko lanak abian jarriko ditu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak. Iaz, Urdaibain martxan jarri zuten proiektua, eta eskuratutako emaitza onei erreparatuta, landare inbaditzailearen ezabatze eremuak areagotzen jarraitzea ezinbestekoa dela uste du.
Aipatutako landarea apaingarri gisa iritsi zen Europara, joan den mendean. Ordutik, ingurumen ezberdinetara egokitzeko duen gaitasunagatik, kostaldeko padura, estuario eta labarrak kolonizatu ditu. Bide horretan, mehatxu handia bilakatu da bertoko dibertsitatearentzat. Lan horiekin landarearen neurrigabeko hedapena kontrolatu eta bertoko landareen berreskurapena lortu nahi dute.