Bizkaiko herri gehienetako iratzargailua izaten ziren txistulariak, sasoi bateko domeka eta jaiegunetan. Alboradek, zortzikoek eta kalejirek esnatzen zituzten herritarrak, kalera erakartzeko. Arratsaldeetan, berriz, erromerian dantzan jartzen zituzten. Agintariek dantza kontrolatu nahi izatea ekarri zuen, musikaria eurena izatea; udal txistularia, alegia. Egun, egoera bestelakoa da. Sabin Bikandi musika irakasle eta etnomusikologoak dio ohitura aldaketek horretan eragin nabarmena izan dutela: “Lehenago, domekak ziren jaiegun bakarrak, eta jendea goiz esnatzen zen mezatarako. Domeka goizetan bizitza sozial handia zegoen. Orain, berriz, herriak lotan egoten dira”. Gainera, udal askok jadanik ez du udal txistularirik.
Erdi Arotik Bizkaiko hiri eta herri handienek udaleko danbolin jotzailea izan dute. “Askotan, lanaldia osatzeko txistulari lanetan ibiltzeaz gain, bestelako zeregin batzuk ere bazituzten: hilerriko arduradunak ziren, zergen kobrantzak egiten zituzten edo udal idazkariak ziren”, jarri ditu adibideak Bikandik. Kopuruz, bada, gaur egun baino askoz txistulari gehiago zeuden udalen soldatapean. “Edozelan ere, oraindik badira udal txistularien bandak Bizkaian: Barakaldokoa, Portugaletekoa, Bilbokoa…”. Bikandi, hain zuzen ere, azken talde horretako txistularia da. Eta oraindik ez da erabat galdu domeketako kalejira hori. Zornotzan, adibidez, ez du behin ere huts egiten Udazken txistulari taldeak. Duela hamalau urte sortu zen. Ia egonkor eutsi diote astero hogei txistulari herriko kaleetara ateratzeko erronkari.
Hiriburuak ere oraindik ez du galdu ohitura, baina berritu egin dute, garai berrietara egokitu. “Domeketatik atera, eta bariku goizetara aurreratu dugu”, azaldu du Bikandik. Arrazoia, arestian aipatutakoa: domeka goizetako mugimendu falta. Zazpikaleetan barrena ibiltzen dira. Bilbotarrek normaltzat jo arren, kanpotarrak asko harritzen direla aitortu du Bikandik. “Guggenheimetik atera berri diren turistek arkaikotzat joko dute, agian, hiru zuloko txiflo bategaz musika jotzen aritzea kalean”. Bilboko inguru historikoari kolore apur bat ematen diotela iruditzen zaio. “Zoazenean eta egiten duzunean, eguneroko kontutzat jo eta ez da askorik estimatzen. Baina falta denean igartzen dute, esaten digute ez garela joan. Orduan estimatzen da galdutakoa”.
Lehengoek bezala, Bikandik eta haren taldekideek protokoloak hala agintzen duen ekitaldi guztietan ere parte hartzen dute. Ez dute, hala ere, erromeriarik girotzen. Bilboko udal txistulari bandak Euskalduna jauregian ematen ditu kontzertuak. “Aretoetako kontzertuek baldintza egokietan programatu ahal izatea dakar, agian entzule berriak ere bai. Dena den, kontzertua, berez, kontu berria da gure musikaren historian. XIX. mendean sortu eta finkatu ziren, Erromantizismoaren eraginez; burgesiaren eta aristokraziaren errituala dira”. Bilbon BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak antolatzen dituen denboraldiak jarri ditu horren adibide: “Emanaldiok Bizkaiko oligarkiaren kontua dira”.
Horrela, bada, “lehenago txistularien testuinguru naturala erromeriak ziren”. Herri gehienetan herritarrek entzuten zuten musika bakarra hauek zirela dio Bikandik: elizan organoa, eta erromerian herriko danbolin jotzailea. Erromeria ez zen entzuteko, dantzan egiteko baizik. “Gure amak, berbarako, ez du ulertzen sasoiko dagoen jendea zelan egon daitekeen jota edo porrusalda entzuten, eserita. Gizakiak musikarekiko berezkoa duen erantzun psikomotriza zikiratu egin dugu kontzertuen ondorioz”.
Musikaria dantzari
Dantzak bere funtzioa galdu duela iruditzen zaio Bikandiri; baina, hala ere, ez da ezkor agertu. “Ofizioa ikasi behar da. Musikariak musikari izateko dantza maisu ere izan behar du. Lehenago, danbolin jotzaileak ziren herrietako dantza maisuak”, esan du. Dantzarako jotzeko, beraz, dantzan jakin behar du musikariak. Haren irudiko, gero, dantzarako musika sortu eta jo behar da.
“Momentu honetan dantzan irakatsi ere egin behar da, jendeak lotsa duelako. Eta, horretarako, metodologia egokia sortu behar da”. Hain zuzen ere, hura kide den Aiko taldea horretan dabil beharrean. Izan ere, Bikandik dio duela gutxira arte dantza, hizkuntza bezala, murgilduta ikasten zela. “Gure aita erdalduna zen; baserrira etorri zen bizitzera, eta urtebetean ikasi zuen euskaraz hitz egiten. Dantzarekin ere halako zerbait gertatzen zen; berez ikasten zen giroan zegoelako. Gaur egun, bai hizkuntza bai dantza irakatsi egin behar dira”.
Bikandik dio sarritan dantzan irakatsi ordez dantzak irakasten direla. “Asko eztabaidatu daiteke dantza taldeetan egiten denaz. Hor lan izugarria dago egiteko”. Jendeari oinarrizko urratsak irakatsi behar zaizkiola iruditzen zaio, gero eurek euretara praktikatu eta nahi dutenean dantzan egin ahal izateko. “Bilbok, nahi izanez gero, badu horretarako aukerarik. Plaza batean 4.000 dantzazale elkartzea lor daiteke”.