Jon Zamalloa Asua Txistu (1954-2011, Galdakao) txistularia omentzeko eguna prestatu dute iganderako, haren jaioterrian. Musikari lanetan ez ezik, ikertzaile ere ibili zen. Andra Mari dantza taldean egin zituen lehen ikerketak, berak jotzen zuen taldean, eta, handik abiatuta, Euskal Herri osoan ibili zen. Hala, ibilbide horretan lagun izan dituenak etorriko dira etziko festara.
Ekitaldi nagusia 12:00etan hasiko da, Torrezabal kultur etxean. Besteak beste, Juan Antonio Urbeltz, Jean Mixel Bedaxagar, Jose Inazio Sarasua eta Jon Lizarralde izango dira oholtza gainean. Hainbat dantza talde eta txistulari talde ere igoko dira. Ondoren, bazkaria izango da Aretxondo jatetxean.