Gerra hizkeraz Hiri irekia deritzona zen Gernika; hau da, setio edo defentsa militarretik kanpo dagoen herria. Are gehiago, ez zeukan helburu militar sendorik erasotua izateko. Hala ere, ezaguna denez, bortizki erasotu zuten, bonbardaketa ikaragarrien bitartez, ia-ia suntsitu arte.
Aldez aurretik izan ziren beste hainbat bonbardaketa: Gerra hazi bezain laster, Otxandiokoa, segidan, Irungoa, eta hainbat aldiz Bilboren kontra egindakoak, Gernikatik gertu, denboran zein frontean, Eibarren kontrakoak edo Durangokoak. Guztietan, frankisten hegazkinek harrokeriaz eta inpunitatez erakutsi zuten nagusitasuna eta ankerkeria. Baina Juntetxea dagoen hiriaren aurkakoan, muga guztiak hautsi zituzten. Hor egiaztatu zuten Emilio Molaren esanak ez zirela ahoberokeri hutsak, baizik eta frankistek gerra egiteko erabil zitzaketen erabateko desmasiak. General matxino horren leloa, “Bizkaia osoa deuseztatuko dut”, burura eramateko prest zeudela.
Ohiko azoka eguna zuten Gernika aldekoek 1937ko apirilaren 26an. Fronte lerrotik at zeudelakoan, gerrak dakarren ezohikotasunaren barruan, normaltasunez bildu ziren astelehenero egiten zuten legez. Baina arratsalde partean, betirako puskatu zen bake berezi hori. Frankisten aginduetara zegoen Kondor Legioaren hegazkinek, hiru ordu luzez, behin eta berriro bonbardatu zuten hiri bizkaitarra.
Tarte luze horretan, ez Lamiakotik, ez Bilbotik, ez Santanderretik. ezta Madrildik ere, ez zen abiatu hegazkin errepublikarrik, nazi-frankistak egiten ari ziren aire eraso itzel horri itzala egiteko. Askatasun osoz aritu ziren Junker 52 eta Heinkel 111 hegazkinak, Burgosetik eta Gasteiztik egindako joan-etorri erosoetan, milaka tona lehergailuz, metrailaz botatzeko, inolako defentsarik gabeko herri horren gainean. Herriaren hiru laurden desegina zegoen erasoak bukatu eta ordu batzutara. Hildakoak eta zaurituak aunitz izan ziren, kopuruak oraindik ezezagunak diren arren.
Gizateriaren historian, Gernika zen horrelako triskantza pairatu zuen aurreneko; urte batzuk geroxeago, II Mundu Gerran, Coventryren, Dresderen, Rotterdamen egindakoen tankerakoa. Baina horietan gertatu zena erantzukizunak argi eta garbi azaldu ziren. Gernikakoan ezberdina izan zen oso, desitxuratze informatibo eta sasihistorikoa nagusitu zelako. Izan ere, suntsipenaren eta sarraskiaren ostean, gezurrak eta irainak aireratu zituzten Salamankatik nahiz Burgosetik; hau da, frankistek zituzten aginte gunetatik. Hedabide eta bozeramaile frankisten arabera “gorri-separatistek” sua eman zioten Gernikari. Jakina, frankistek, hamarkadetan, aldaketak aldaketa, temati heldu zioten gezurrezko kontaketari.
Hor bildutako bonba apurrek, eta, batez ere, hiri hondakinek, kontrakoa zioten: goitik behera, lehergailuz eta suz suntsitutako herria zen Gernika. Bonba suegileek burutu zuten, beraiekin batera botatako lehergailu txikitzaileek egindako deuseztapena. Eta batez ere, lekukoen testigantzek zabaldu zuten gertaturikoa. Gernikarren lekukotasunek eta George L Steer, Mathieu Corman eta Noel Monks kazetariek bidalitako berriek berehala zabaldu zuten errauts eta heriotza artean frankistek lurperatu nahi zuten egia. Era berean, Gernikako alkate Jose Labauriak honakoa zioen: “Gernika ez eben suagatu gudari bulartsu eta bioztudunak… zin dagit, erbestatar egazkiñak izan zirala Gernika sutu ta austu ebenak”. Eta Agirre lehendakariak berak, apirilaren 27an zabaldutako mezuan: “Matxinatu espainiarraren mesederako hegazkilari alemanek Gernika bonbardatu dute, euskaldun guztiek gurtzen duten hiri historikoa errez”.
Testuinguru horretan, Espainia frankistatik kanpo, gezur eta zalantzen gainean gertatutakoaren berri izan zuten. Hori dela eta, Parisetik heldu zion auzi honi Pablo Picassok Guernica koadroaren bitartez. Izan ere, maiatzaren 1ean, Frantziako manifestariak herri espainiarrarekiko elkartasuna adierazten zuten bitartean, margolari ospetsuak lehen zertzeladak eman zizkion Guernica-ri. Margo horrek 1937ko Nazioarteko Erakusketarako zuen eginkizuna gainditu eta gerraren, basakeriaren eta Gernikak pairaturiko suntsipenaren aurkako bozgorailurik handiena bihurtu zen. Orain dela 75 urte, egindakoa salatzeko margoturikoa, egun Reina Sofia deitzen den museo batetan erakusgai dugu. Ez al da ordua, ez al da justiziazkoa, garai bateko leloa, betiko aldarria, Guernica Gernikara! dioena, berrindartzeko?