Hegaztizaina da Kepa Larrabe (Gamiz-Fika, 1972). 180.000 oilo errule ditu Fikako bere granjan. Laster, 230.000 izango ditu. Betidanik aritu da lan horretan, eta oiloak ondo zaindu behar direla argi dauka, arrautzen ekoizpena ere ona izan dadin.
Europak ezarritako zuzentarau batek aginduta, hegazti haztegiko instalazioak erabat aldatu behar izan dituzte. Esfortzu handia izan arren, oiloek onurak nabaritzen dituztela dio.
Zeintzuk aldaketa egin behar izan dituzue zuen hegazti haztegian Europako zuzentarauaren aginduz?
Aldaketak animalien ongizatearen ingurukoak izan dira, oinarrian. Zuzentarau hori joan den urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean. Hala ere, 1999an iragarritakoa da. Beraz, denbora izan dugu apurka prozesua bideratzeko. Azkenean, berandu egin zaigu, eta justu samar ibili gara. Dena den, Bizkaian ekoizle guztiok garaiz bukatu ditugu lanak, zuzentaraua betetzeko.
Zelakoa izan da prozesua?
Goitik behera berregituratu behar izan dugu enpresa. Aurretik genituen kaiolek ez zuten balio. Bota egin behar izan ditugu, eta instalazio berriak egin. Dena aldatu dugu, azken batean.
Zer suposatu du zuentzat ekonomikoki eta azpiegiturei dagokienez?
Inbertsio handia egin behar izan dugu. Lehen genituen instalazioak oso egoera onean zeuden, eta dagoeneko amortizatuta genituen, gainera. Horiek guztiak kendu eta berriak jarri behar izan genituen. Bestalde, oiloen egoerak hobera egin du. Lehenago ere ez zeuden gaizki; izan ere, oiloak ahalik eta hoberen zaintzen saiatzen gara. Kontuan hartu behar da, gainera, eurak hobeto badaude ekoizpena hobea izango dela.
Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan duzue, ezta?
Bai. Lagundu egin digute. Laguntza horiek gabe, zenbaitek planteatu egingo genukeen negozioa ixtea, inbertsio handiak izan dira-eta. Laguntza horiek emateko, asko hitz egin dugu aldundiko ordezkariekin; azaldu genien enpresak errentagarriak zirela eta etorkizuna bazutela.
Noiztik ari zara oiloekin lanean?
Betidanik. Nire amak hasi zuen bide hau, gutxi gorabehera 200 oilorekin, eta, ondoren, seme-alabok sartu gara negozioan.
Oiloentzako onurei buruz mintzatu zara. Zeintzuk hobekuntza nabaritu dituzte?
Aldaketa nagusia da mugitzeko espazio handiagoa daukatela. Talde handiagoetan daude. Horrez gain, zalantza genuen kaioletan jarritako sistema guztiak erabiliko ote zituzten, baina bai, erabiltzen dituzte.
Zeintzuk sistema dira horiek?
Oiloen berezko beharrizanei buruzko ikerketak egin dira, eta horiek asetzeko sistemak kaiolan bertan jarri ditugu: arrautzak jartzeko habia, bertara igota atsedena hartzeko makil batzuk, atzaparrentzako limatzailea, hareazko gunea lurra aztakatzeko… Eta sistema horiek guztiak erabiltzen dituzte.
Ekoizpenari dagokionez, hobekuntzarik nabaritu al duzue?
Ez, ekoizpena lehengoaren antzekoa da. Aldaketak egin aurretik espazio txikiagoa zuten oiloek, baina elikadura eta gainerakoak asko zaintzen genituen. Beraz, ekoizpena orduan ere ona zen.
Zenbat arrautza jasotzen dituzue egunean?
150.000 arrautza hartzen ditugu, batez beste.
Oilo bakoitzak egunean ez du arrautza bana jartzen, beraz.
Ez. Oiloaren ekoizpen zikloan —urtebete eta erdikoa da, gutxi gorabehera— oiloen %80k jartzen dute egunero arrautza bana. Gazteak direnean, oiloen %95 inguruk jartzen dute egunero. Gero, apurka kopuru hori jaisten doa.
Oiloak kaioletan daude beti?
Bai, hala da. Hala ere, oso ondo zainduta daude, eta, elikadura segurtasunari dagokionez, ezin hobeto daude. Ez gara gaiztoak oiloak kaiolan izateagatik, eta animaliak ahalik eta hoberen zaintzen saiatzen gara.
Kaiolan daude, baina mugi daitezke. Legeak ezarritako 750 zentimetro koadrotan daude. Jendeak orri baten neurriarekin konparatzen du leku hori. Hala ere, oiloa ez dago geldi neurri horretako leku batean. Kaiolek bi metrotik gorako luzera daukate, eta 60ko zabalera. Beraz, mugitzeko aukera daukate. Ez gara esplotatzaile batzuk; oiloari daukadan guztia zor diot.
Sekreturik ba al dago arrautza gehiago jartzeko?
Ez, ondo zaintzea besterik ez. Ez dago beste misteriorik. Garrantzitsuena oiloak zer jaten eta edaten duen ondo zaintzea da. Oso esker onekoak dira, eta, ondo zainduz gero, arrautza onak ematen dituzte.
Zer jaten dute zuen oiloek?
Zekaleekin egindako pentsua. Euren pentsuak ez dauka beste ezer. Sarri entzuten da gauza bat edo beste sartzen zaiela elikaduran, baina ez da horrelakorik gertatzen. Beste gezur batzuk ere entzuten dira: Argiari dagokionez, esaterako, 24 orduz argia piztuta edukitzen dugula eta egun osoan arrautzak jartzen ari direla. Horiek guztiak mitoak dira. Oiloak erlaxatuta egon behar du, eta bide horretatik estresatu egiten dituzu.
Bizkaian kontsumitzen diren hamar arrautzatik zazpi bertokoak dira. Datu ona da hori, ezta?
Bai, erabat. Bertoko erosleek aintzat hartzen dute arrautza bertokoa izatea. Izan ere, gero eta gertuago ekoitzi, kalitatea askoz hobea da.
Zenbat egunez iraun dezake arrautza batek?
Oiloak jartzen duenetik 28 eguneko epea jartzen zaio. Gehiago iraun dezakete, baina arauak horixe ezartzen du. Gertutasuna oso garrantzitsua da. Bizkaian saltzen dugu guk. Oiloek gaur jarritako arrautzak bihar edo etzi dendetan daude, salgai.
Bertako produktuak bertan kontsumitzeko prozesu hori gainerako produktuekaz ere jarraitu beharko litzatekeela uste duzu?
Hala uste dut, bai. Haragia eta bestelakoak bertokoak erosten saiatzen naiz ni. Oso ondo kontrolatutako produktuak dira; beraz, berme handikoak.
Zein desberdintasun dago larrean libre ibilitako oilo baten edo kaiola batean dagoen baten arrautzen artean?
Ez dago inongo desberdintasunik. Amari entzunda dakit nik. Nire amak kanpoan izaten zituen oiloak, eta txitak hazten zituen. Ba, beti entzun izan diot orain baino hobeto ez direla egon inoiz oiloak. Eta produktua bera, arrautza, orain baino kontrolatuago ez dela sekula egon esaten digu.