Erralde hiltegia itxita dago eta hala jarraituko du aurrerantzean ere, Eusko Jaurlaritzaren aginduz. 3.000 ganaduzalek pairatzen dituzte itxiera horren ondorioak, Mikel Ansotegi Erraldeko presidenteak gogorarazi duenez. Hori dela eta, irtenbide bat bilatzeko asmoz, udalei, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari deialdi zabala egingo diete “arduratsuak izateko” eta sektorearen premiak aztertzeko eta irtenbide bat bilatzeko.
Lehenen sektore horretan lanean dihardutenekin ere batzartzeko asmoa iragarri du Durangoko hiltegiko presidenteak. “Denen artean indarrak batu eta egun Bizkaian ez dagoen zerbitzua berreskuratzea” dute helburu. Berrizko proiektua ere aztertzeko asmoa iragarri du. “Finantzazioa” da proiektu hori aurrera ez joateko arazo nagusia.
Urtarrilaren 18an Jaurlaritzako Osasun Saileko arduradunekin egindako bileran hiltegiak zituen gabeziak konpontzeko asmoa iragarri zuten Erraldeko ordezkariek, eta, orduan, Jaurlaritzatik “animoak eta itxaropena” eman zizkietela azaldu du Ansotegik. Gabezia horiek konpontzen aritu ostean, apirilaren 18an, egindako lana frogatzen zuten dokumentuak erakutsi arren, hiltegia zabaltzea ezinezkoa izango dela jakinarazi zietela salatu du. “Esandakoa ez dute bete”, adierazi du Ansotegik eta “erantzukizun eza” leporatu die Osasun Saileko arduradunei.
Osasun Sailaren arrazoiak
Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordean, bestalde, hiltegia ixteko erabakia hartzeko arrazoien berri eman du Osasun Sailak. Hilketa linea zuzena aipatzen du, batetik. Emandako datuen arabera, linea hori “ez da egokia” eta “kutsadura arrastea ahalbidetzen du” besteak beste, “kontaktuagatik, tanta jarioengatik eta zipristinengatik”. Abendu hasieran egindako ikuskapenean jasotako datuak dira horiek.
Lokaletako barneko egiturari zegokionez, instalazio guztietako hormak, zoruak, egitura metalikoak, leihoak, sabaiak etabar egoera eskasean zeudela iritzi zion Osasun Sailak. Egitura horietako batzuetan margoa kenduta zegoela, eta hezetasunak eta oxidoa zeudela adierazi zuen. Hozkailuetako, aldageletako eta animalien ongizate egoerari buruzko datuak ere eman zituzten, besteak beste.
Mikel Ansotegik gogora ekarri du apirilaren 18an Osasun Saileko ordezkariekin egin zuten batzarrean gabezia horiek konpondu zituztela jakinarazi zietela. “Gure eskaera Erraldera etortzea zen, bertatik bertara egindako hobekuntzak ikus zitzaten zen”. Hala ere, Jaurlaritzako ordezkariek ezetza eman zieten.